Danbor hotsak alaitutako urtebetetze festa
Egun handiaren bezperetan Haur Danborradaren Ohorezko Karguak aurkeztu dituzte Gaska kiroldegian
Mende erdia ez da urtero betetzen eta ondo ospatzeko arrazoia da. Urtebetetze borobila du aurten Haur Danborradak, eta horren harira, festa berezia egin dute goizean, Gaska kiroldegian. Bertan izan dira etzi eguerdian Alderdi Ederren elkartuko diren 4.853 haurren laurdena. Harmailak bete dituztenek gogotsu daudela erakutsi dute, makilei indartsu eraginez. Egun handian hala jotzen badute, iragarritako hotzak ez ditu kikilduko, ezta arratsaldean izango omen den elurra aurreratuta ere.
Festa giroa beraiek jarri dute eta urtebetetze jaietan falta ezin den tarta hiru sukaldari xelebrek egin dute: Gari, Montxo eta Joselontxok. Txokolatezkoa ala marrubizkoa egin eztabaidatu ondoren, gozoa prestatzeko osagaiekin borrokatu dira pailazoak. Algara asko eraginda, baina jatekorik gabe, esku hutsik amaitu dute saioa. Ezustekoek ere izan dira. Partaideak agurtu eta animatzeko ezagun ugarik zapaldu dute Gaskako pista. Saskibaloi zelaia izanik, lehenak Lagunaro GBCko jokalariak eta igel berdea izan dira. Jarraian, Goenkaleko Loreto Mauleon eta Xabier Perurena irten dira. Ikastolakideen faltan, Mauleon izan da Zurriola Ikastolako ordezkaria eta Haur Danborradan parte hartutako urteak gogoratu ditu. Urban 13 break dantzarien San Sebastian martxaren ondoren, Realeko neskek itxi dute ospetsuen zerrenda. Gonbidatu berezi gehiago izan dira, ordea. Aurreko urteetan ohorezko karguan izandako hainbat lagun oholtzara igo eta aurtengoekin argazkia egin dute.
Jaia borobiltzeko, aurretik porrot egindako pailazoek pastel erraldoia ekarri eta Zorionak zuri abestu dute danborrek lagunduta.
Ohorezko karguak, prest
Desfilea haur guztientzat berezia bada ere, ohorezko karguentzat ahaztezina da. Easo Ederra 11 urteko Haizea Marquez da. La Asuncion ikastetxeko neskari falta zitzaion postu bakarra zen, sei urtetan kantinera, danbor jotzaile eta kupel jotzaile izan baita. Neskaren gustukoena ere bada aurtengoa. Osteguneko egitekoa argi du, «agurtu eta ondo pasatzeko esango diet» eta kontrakoa badirudi ere, prestaketa lana egin behar izan du. Kontrakoa badirudi ere, prestaketa lana egin behar izan du. «Hitzaldiaz gain, agur egiten ere ikasi dut, bi modu baitaude». Gudalburu den Mikel Salaberriak lan errazagoa izan du. Azaldu duenez, «balkoitik harenga bota behar dut, baina ondo dakit eta ez dut entsegurik behar izan».
La Asuncioneko karguak lasai badaude, El Carmeloko Jon Arrese, aldiz, urduri. Agur esango dio Arresek Haur Danborradari eta zortzi urteko parte hartzea modu paregabean amaituko du: Danbor Nagusi lanetan. Zeharka lortu zuen kargua, zozketaren irabazlea suertatutako ikaskideak banderaduna izatea nahiago zuelako. Ez zaio damutu, baina arduratuta dago. «Asko entseatu badut ere urduri nago. Alderdi Ederren ez diet haurrei begiratuko… aurrera bakarrik». Halaxe egin du ekitaldi amaierako martxan.