Gizaki gorputzaren inguruko hausnarketa, 'Prototipoak' erakusketan
Antiguako festetako egitarauak uzten dituen tarte txikietarako proposamen interesgarria egiten du Lugaritz kultur etxeak. Bere erakustaretoan, Gorka Salmeron argazkilari legazpiarraren Prototipoak bildumak hartu du ostatu, hilaren 29a arte. Argazki sorta honek giza gorputzaren zein estereotipoen inguruko hausnarketa proposatuko dio bisitariari.
Prototipoak proiektuak Lugaritz kultur etxean hasi du bere ibilbidea, nahiz eta lehenagoko lanetan oinarria duen. Salmeronek gogoratzen duenez, 2009an hasi zen horrelako argazkiekin. «Erretratuari buelta ematearren sortu ziren manikien ideia zein idealizazioen eta abarrekoen interesa».
Erakusketaren oinarria manikien argazkiak badira ere, Lizarrako San Migel elizako eskulturak ere jaso ditu Salmeronek bere argazki kamerarekin. XII. mendeko irudi horiek egungo irudi idealizatuekin lotzen ditu egileak. «Horiek ere garai bateko ikonoak dira». Larzabal aretoan ikus daitezken argazki gehienak formatu handiko kamera analogikoarekin egindakoak dira. «Jatorri digitala duen argazki bakarra dago; erakusketaren kartelarena, hain justu». Hain zuzen ere, Salmeronentzat, azkeneko emaitza bezain garrantzitsua da argazkia egiteko modua. «Nik beti aldarrikatzen dut prozesua, gauzak egiteko modua, alegia». Era berean, formatu handiak erabiltzeak lanei ematen dizkien ezaugarriak oso kontuan ditu argazkilariak; «horiekin araztasuna eta argitasuna lortzen ditudalako».
Antiguako aretoan bere argazkiak jartzeko gonbitea bertako teknikaria den Jesus Mari Sarasuak egin ziola gogoratzen du. «Eta ni, Sarasuarekin, edozein tokitara joateko prest nago».
Teknikariaren gonbita jaso zuen modu berean, Salmeronek donostiarrak gonbidatzen ditu bere lanak ikustera, enkargu txiki bat emanez. «Ea idealizazioak eta moldeak hausten ditugun. Konforma gaitezen ispiluan ikusten dugunarekin. Jar ditzagun ereduak zalantzan».