San Sebastian urratzaileenak
San Sebastian, hiriaren zaindaria eta santuaren figura da Kubo aretoko erakusketa berriaren protagonista
Hiriaren zaindaria eta santuaren figura da Kubo aretoko erakusketa berriaren protagonista.
Erdi biluzik, zuhaitz baten enborrari lotuta, geziz josita, begirada atsekabetua… Horrelakoa da San Sebastian santuaren figura tradizionala. Kubo aretoak, ordea, hiriaren zaindariaren inguruko hamaika begirada erakutsiko dizkio bisitariari. Fernando Golvano eta Javier Balda izan dira Esparru sakratu eta profanoari buruz. Imaginario garaikidea erakusketaren arduradunak. Berrogeita bost artisten hirurogeita hamasei artelan bildu dituzte. Halere, haien ustez, «erakusketa honek, bigarren, hirugarren eta laugarren bertsio bat ere egiteko aukera ematen du. Interneten San Sebastian santuari buruzko bilaketa egiterakoan, makina bat irudi agertzen dira. Kontaezinak dira».
Erlijiozko aszetismoaren ikonoa batzuentzat; sentsualitatea eta erotismoarena besteentzat. San Sebastian santuak hainbat artisten sormena piztu du historian zehar. Munduko hainbat herrialdek hartu dute haren izena, Donostiak bezala. Halere, Galvano eta Balda harrituta geratu ziren: «San Sebastianen irudia eta ikonografia aztertu duen erakusketarik ez da egin hirian. Ez behintzat guk eskaini dugun begirada garaikidea duen erakusketarik behintzat. Hemen San Sebastian eguna ospatzen da, baina bere figura alboratuta geratzen dela dirudi. Hiriaren eta santuaren artean distantzia handia dago. Bere eskultura bakarra Santa Maria Elizan dago. Badago besteren bat, baina guztiz ezezagunak dira».
San Sebastianen mitoa XX. mendeko artean protagonista izan dela aldarrikatu dute arduradunek: «Jesukristorekin batera gizonezkoen bi biluzi garrantzitsuenak dira artean. Jesukristoren figura, jakina, heriotzarekin lotzen da. San Sebastianen figura, aldiz, gozameneraren zein sufrimenduaren sinbolo gisa erabili izan dute. Errebindikazio etikoarena bezala ere bai».
Giro profanoan, hau da, tenplutik kanpo, Kutxaren erakustaretoan ezagutuko dute ikusleek santuaren figura anbiguoa. «Sakrifizioa eta gozamena; profanoa eta sakratua; antzinatasuna eta garaikidetasuna; mistizismoa eta identitatea… Esparru sakratua eta profanoaren arteko tentsioa nabarituko dute, hain zuzen ere, bisitariek. Martirien James Dean, dela ere esan izan dute».
Argazkiak, eskulturak, kuadroak… Askotariko artelanek hartu dute Kubo aretoa. Juan Pliego artistak biluzik dagoen gizon bat irudikatu du eskultura batean. Gezi diana bat du eskuetan: «Ikusleek dardoak botatzeko aukera dute. Egileak jolasa sortu nahi izan du. Batzutan, aldi berean, biktima eta borrero izan zaitezkeela iradoki nahi izan du». Oteizaren pieza txiki bat, Patti Smithek Santa Maria elizako eskulturari egindako argazkia…
Proposamen ausartak jaso dituzte. Odon Elorza bera ere irudikatu dute martiri gisa. Ramon Zurriarain da egilea. Alkatea erakusketan bertan izan da, Kutxa eta Donostia 2016ren akordioa dela eta: «Geziak jarri dizkidate hiriko espekulatzailea banintz bezala. Izugarria da. Artelan batean agertzen naiz behingoz eta… Azkarrarena egin eta huts egin du. Bitxia da, beti politikariak lapur gisa irudikatzea. Oraingoan ere topikoa errepikatu da. Artistari eskertzen diot horrela irudikatzeagatik, zer egingo diot ba».