Arroka eta Mandela, lehian
San Bartolome muinoaren lanek aldaketak eragingo dituzte Amara Zaharrean. Bizilagunek, asko kostata izan arren, Udalarekin adostu zituzten etxe trukeak eta hainbat hirigintza kontu. Hala eta guztiz ere, bada hitzartu ez zuten albo kaltea-edo. Hain zuzen ere, Arroka izena galduko luke inguruak oraingoa baino laburragoa izango den kalera murriztuz.
Egoera berri hau ez da bizilagunen gustukoa izan eta, ahoz ahoko aipamenez gain, sinadura bilketa egitea erabaki du Amara Bai auzo elkarteak. Moraza kaleko Esnaola tabernan jarri du taldeak Arroka izenaren aldeko izenpetzeak biltzeko orria. Zehazkiago, bildutako sinadurak Arroka ingururako «proposatzen duten izenarekin desadostasuna azaldu eta etorkizunean izango den plaza Arroka enparantza izan» dadin eskatzeko erabiliko dira. Dagoeneko, eta astebeteko epean, 300 bat pertsona azaldu dira eskaera honen alde.
Sinadurak gora behera, bizilagunak ere ez daude pozik, inguru horretan izango den plazak Mandela izena izango duelako. «Betiko izena mantendu beharko litzateke, hau beti izan baita Arroka», azaldu du bizilagun batek haserre.
Irutxuloko Hitzako irakurlea den Iñaki Goñik idazki bat helarazi dio komunikabide honi, Udalaren erabakia gaitzetsiz eta beste proposamen bat eginez. Hain zuzen ere, berak ez du Mandela izena erabiltzea baztertzen; baina, aipatutako ingurunearentzat izena mantentzea onesten du eta Errege-erregina Katolikoen kalearen izena aldatuz, Mandela kalea bezala berrizendatzea hobetsiko luke.
«Sakrilegioa»
Amara Zaharreko parroko On Pablok ere gaizki ikusten du izen aldaketa. Eta irribarre jostagarria ezpainetan duela, «sakrilegio» hitza ere aipatzen du, bere ahotik horrelakoak entzuteak izan dezakeen pisuaren jakitun. «Lehenago, aspaldi, Arroka Easo plazatik elizarainoko tartea zen. Eta, gainera, Santiago bideko erromesen pasabidea zen». Apaizak dioenez, «XX. mende hasieran-edo, Arroka izeneko baserria zegoen hemen, gutxi gora-behera frontoia dagoen inguruan».
Javier Sada historialariak 1995ean argitaratu zuen San Sebastian. La historia de la ciudad a traves de sus calles liburuan, Arroka izenaren jatorri bera aipatzen du. Era berean, Udalak 1947an Easo plazan hasi eta Amara kalean bukatzen zen gunearentzat Arroka izena mantetzeko erabakia hartu zuela jasotzen du liburuak.
San Bartolomeko lanen lehen fase hau 2013. urte inguruan bukatzea espero dute. Ordura arte itxaron beharko dute historialariek Mandela eta Arroka izenen arteko borrokan garaile irtengo dena zehazteko. Baina, bizilagunen eta Udalaren jarrerak ikusita, oso litekeena da izen ofiziala Mandela izatea, auzotarrek Arroka erabiltzen jarraitzen duten bitartean. Galdetu, bestela, Egiako Gladys Enean, Parte Zaharreko Ikatz kalean edota Loiolako Tanga plazan.