«Pertsona izugarriak ezagutu ditugu. Ezer eduki gabe dena eman digutenak»
Ze Esatek taldea Kuban izan da. Mikel Albisu abeslariarekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak.
Karibetik itzuli berri da. Gabonak taldekideekin pasatu ditu, Kuban. Antiguako jaietan birako azken kontzertua egin zuen taldeak, baina laster itzuliko dira eszenatokietara. Hamalau urterekin alboka jotzen ikasten hasi zen Mikel Albisu (Amara Berri, 1979). «Musika tradizionalekin hasi nintzen. Pixkanaka rock munduan murgildu arte». Txortains eta Trikizio taldeko kide izan da. Egun, Ze Esatek! taldeko abeslaria da. Karibe aldean beste kideekin batera bizitakoaren inguruan hitz egin du Irutxuloko Hitza-rekin.
Kubatik, Antiguako jaietara… Nolakoa izan da itzultzea? Uf! Lurreratze bortitza izan da… Baina ondo gaude. Antiguako emanaldia azken biraren agurra izan zen nolabait. Gogotsu geunden etxean jotzeko, Donostian egoteko. Oso emanaldi ona izan zen. Dena eman genuen.
Lan eta lan ibili zarete azken aldian… Bi urte daramagu kontzertuz kontzertu. Taldea sortu zenetik, gutxi gora behera. 130 kontzertu egin ditugula uste dut. Astebururo ibili gara zuzenean jotzen. Horregatik Kubara joatea sari modukoa izan da. Oporretan joan aurretik, beste opor batzuk hartzea bezalakoa izan da!
Nola sortu zen irlan bira egiteko aukera? Agencia Cubana de Rock-a eta bertako Zeus taldearekin joan ginen irlara.
Eta esperientzia nolakoa izan da? Esperientzia onak eta txarrak izan ditugu, beti gertatzen den bezala. Gure dirua bakarrik nahi zuen jendea aurkitu genuen, lapurtzen ibili zirenak. Baina… Pertsona izugarriak ezagutu ditugu, ezer eduki gabe dena eman digutenak. Horiekin geratuko gara gu. Hasierako egunak gazi gozoak izan ziren, irlan geure lekua aurkitu genuen arte, baina gero ez genuen itzuli nahi…
Zenbat kontzertu egin zenituzten? Sei kontzertu eman behar genituen, baina azkenean bost izan ziren. Bat bertan behera geratu zen, aretoan arazoren bat izan zutelako. Santa Klaran eta Pinar del Rion zuzeneko bana egin dugu. Habanan, beste hirurak.
Nolako harrera izan duzue? Ba harrituta geratu ginen publikoaren harrerarekin. Gure musika ezagutu gabe musika zale pila bat joan ziren emanaldietara. Hemen, Euskal Herrian, jendea, taldea ezagutzen ez badu, ez da animatzen emanaldietara joaten. Kuban desberdina da, jakina. Jende asko joan zen gu ikustera. Lehen hiru abestietan harrituta geratzen ziren. Baina berehala berotzen zen giroa. Gainera han dantza egiten dute, elkarri jotzen korroak egiten dituzte, batak besteari kristoren kolpeak eta ukabilkadak ematen…
Bertako taldeak ezagutzeko aukera izan zenuten. Bai. Bertako taldeekin jotzeko aukera ere izan genuen. Medula heavy taldearekin eta Adictox punk bandarekin. Azken hauekin gainera oso harreman ona izan genuen. Sekulako pertsonaiak… oso jatorrak dira. Guri iristen zaigun musika, kantugintza tradizional kubatarra izan ohi da: Silvio Rodriguez, Compay Segundo… Baina irlan denetik aurkitu genuen. Talde heavyak, punkiak, rockeroak… Jende gazte asko mugitzen dute gainera.
Kubako herriari ‘Katia’ abestia eskaini diozue. Kubako bidaiarako abesti bat prestatu genuen. Bertan, Zeus taldearen bitartez bi abeslari ezagutu genituen, Katia eta Katerina. Oso harreman berezia izan genuen beraiekin eta horregatik jarri diogu abestiari Katia izena. Katiak eta bere gurasoek bere etxean hartu gintuzten. Ezer eskatu gabe bazkaltzen eta afaltzen eman ziguten guztioi. Hamahiru pertsona ginen, ez zen batere erraza… Bere gurasoei kantatu genien. Hunkitu egin ziren erabat. Guztiok negarrez amaitu genuen. Joan den astean, Antiguako jaietan jo genuenean beraien ahotsak erabili genituen.
Zuzenean ere zuekin izan ziren. Bai, bospasei abesti kantatu dituzte gurekin. Zu gabe, Erregina, Ikasle Eguna 2010, Karmengo jaiak… Euskaraz egin zituzten koruak. Zur eta lur geratu ginen. Han ginela ikasi zituzten hitzak. Esanahia ezagutzeko jakinmin handia zuten gainera.
Gabonak han pasa dituzue. Nola ospatu zenuten gabon zahar gaua? Arraro samarra izan zen. Gau artan kontzertua izan genuen Maxim Rock aretoan. Aldatzen ari ginen, kontzertua eta gero, eta ustekabean, hamabiak zirela konturatu ginen. Besarkada bat eman kide bakoitzari eta listo. Han ez dute mahatsak jateko ohiturarik… Afari handi batekin ospatu genuen ondoren.
Bideo batean ere jaso duzue bertan bizitakoa. Bai, dokumental bat egiteko asmoa dugu. Bigarren diskoan sartuko dugu beharbada. Kanta berriak egiten hasi gara, eta hurrengo hilabeteetan hasiko gara serio lanean. Irailean ekingo diogu grabatzeari. Orain hilabetez lasai egongo gara. Halere, martxoa edo apirila aldean berriz ere hasiko gara txapa ematen [barrez].