Urtetik urtera hazten doa festan parte hartzen duten danborraden kopurua; aurten lau gehiago dira
Gauerdian Gaztelubidek hasitako bideari jarraituz, 20.000 lagun, makilak eskuan, parte hartzen ari dira jaian. Hiriko kaleak danbor hotsez eta jai giroz beteko dituzte 111 konpainiek. Urte gehiago edo gutxiago dituztenei, lau danborrada berri gehitu zaizkio aurten: Donosti Cup, Txirain Kultur Elkartea, Santo Tomas Lizeoko Gaztekide Danborrada eta Aitor Ikastolako gurasoen Latxaga Kultur Elkartea. Lehen aldia duten hauekin batera, iaz kale egin zuen DYAko danborrak berriro bat egingo du jaiarekin.Boskozaleek, aldiz, aurten kalera ez irtetea erabaki dute.
Santo Tomas Lizeoko Gaztekide eta Txirain Kultur Elkarteako danborradak Antiguako beste 16ekin batera auzoko sansebastianak alaituko dituzte. Gaztekide Ikastolako Haur Danborradako taldeen eta helduen danborradaren arteko zubia da; Batxilergoko ikasleei eta unibertsitateko lehen urtean daudenei jaian parte hartzeko aukera gisa sortua. Danborrada, 09:00etan irtengo dira Caro Baroja plazatik eta 12:30ean Alfontso XIII plazan amaituko dute. Txirainekoek, berriz, antolatzen dituzte hamaika kultur ekimenei gehitu diete aurten danborrada. 80 bat lagunek osatutako taldea, elkartearen egoitzatik irtenda auzoan barrena ibiliko da, 17:30etik 21:00etara bitartean.
Egiako kaleetan ere talde berri bat izango da gaur, Aitor Ikastolako gurasoen Latxaga Elkartearena. Konkorroneatik, 16:15ean irtengo dira Pablo Turrillasen eta Idurre Beobideren agintea jarraituz joko dute 60 bat lagunak.
Elkarrizketa: Erlaitz Mendiable, Donosti Cup danborradako presidentea
«Bost saio besterik ez ditugu egin»
Denbora gutxirekin aspaldiko asmoa gauzatuko dute gaur arratsaldean Donosti Cupeko arduradunek. Azken orduan erabaki izanak eragin dituen estutasunak ilusioz gainditu dituzte.
Zergatik erabaki duzue irtetea?
Ideia aspalditik genuen eta txapelketak aurten 20 urte beteko dituenez aitzakia ona iruditu zitzaigun.
Prestaketetarako denbora gutxi izan duzue…
Ikastaro trinkoa izan da. Besteek urtebetean egiten dutena, bi bat hilabetetan egin dugu.
Zer izan da zailena?
Jendea biltzea. Zoramena izan da eta denak ezagunak garenez… besteen atzetik ibili behar izan dugu.
Partaideak txapelketako antolatzaileak zarete, ezta?
Zuzenean edo zeharka Donosti Cup-ekin lotura duen jendea da. Lehentasuna eman diegu 20 urteotan txapelketan lanean aritu izanari. Erdia edo, zuzenean lan egin edo egiten dugunak gara, gainerakoak, lagun, bikote edo ingurukoak.
Nola jantziko zarete?
Sukaldariz. Aurrekontuak ez zuen gehiagorako ematen, eta hurrengo bi urteetan ere hala joango gara. Gero ikusiko dugu… kar, kar.
Eskarmentudun jendea al zarete?
Partaideen herenak ez du inoiz helduen danborradan jo, Haur Danborradan bakarrik. Gainontzekoak elkarte edo talderen batean aritzen gara eta bakoitzak bere erara jotzen du.
Asko entseatu behar izan duzue?
Bost saio besterik ez ditugu egin…
Nahikoa izango al dira?
Hala espero dut. Lehenengo saioan, ezaguna eta entzuna den arren, San Sebastian martxa nahiko tragikoa izan zen. Lana egin dugu eta nahiko ondo entzuten da.
Zein da zuen ibilbidea?
Amara eta Loiolako Erribera artean ibiliko gara, 15:00etatik 18:00etara bitartean. Ordu txarra egokitu zaigu, siestakoa, gozo-gozo joko dugu…
Anoetan ere joko duzue…
Anoetan hasi eta amaituko dugu. Goazen Errealarekin batu eta elkarrekin joko dugu. Beraiek amaitu egingo dute desfilea eta guk hasi.