Aldarrikapenak, nagusi, Herritar Merezimenduaren Dominen banaketan
Herritar Merezimenduaren Dominak banatu dituzte udalbatza aretoan. Aranzadiko kide Paco Etxeberriak, Aieteko Lantxabe auzo elkarteko presidente Felix Perezek, Miguel Tardaguila aurraunzaleak, Arratsek eta Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak pozik jaso dituzte garaikurrak. Hori bai, halako ekitalditan ohikoak diren eskertzak luzatu eta gero, euren aldarrikapenak plazaratu dituzte udaletxean zeudela aprobetxatuta.
Felix Perezek, esaterako, dei berezia egin die agintariei. «Ekitaldi hau baliatuta, Udalbatzari, egungo Udal Gobernuari eta datorrenari gogoratzen diet herritarren ahotsa entzutea ezinbestekoa dutela hiria hobeto gobernatzeko; elkarteen laguntza behar dutela, alegia, baita haien kritika ere», adierazi du.
Era berean, ordezkatzen dituen auzotarren eskaeren berri eman du: «Aieteko parkean argiztapena jartzea, igogailua ahalbidetzea Morlanseko bidegorriarekin lotura egiteko eta osasun etxe bat eraikitzea auzoaren erdigunean».
Prostituten eskubideen aldeko aldarria
Arrats elkarteko ordezkariak ere ez ditu aldarrikapenak ahaztu domina jasotzeko orduan. Izan ere, presoei, kaleko jendeari eta, batez ere, prostitutei eskaini die izendapena. Hots, «ikusezinak» diren herritarrei. Arrats, hain justu, gizarteratzeko zailtasunak dituzten lagunen alde aritzen da, arlo juridikoan orientazioa eskaintzen eta babes beharrean direnei laguntza ematen. «Prostitutak ikusezinenak dira. Estatistiken arabera, euren bezerorik egon badago hemen gure artean. Haiei eskatuko nieke kolektibo hau ikusgai egiten lagun dezaten, eskubideak dituztelako», nabarmendu du Arrats elkarteko kideak bertaratutakoei zuzenduz.
Bestalde, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko ordezkariak, domina jasotzea lan egiten jarraitzeko pizgarria dela azpimarratu ondoren, bere aletxoa ere jarri du aldarrikapenei dagokienez. «Noizko araututako dantza irakaskuntza hirian?», galdera bota die agintariei.
Kontxako estropadetan sekulako lana egiten duen Miguel Tardaguilak, bere aldetik, aldarrikapena luzatzea baino, Donostia 2016. urtean Europako Kultur Hiriburu izateko ahaleginarekin sendo jarrai dezala eskatu dio Odon Elorza alkateari. «Kontxako estropadentzat sekulakoa izan daiteke», esan du.
Azken alkate errepublikarra, gogoan
Paco Etxeberria ikertzaileak, berriz, 36ko gerrako eta Frankismoko biktimen alde egindako lanagatik domina jaso izanagatik, desagertutako senideentzat hitzak izan ditu. Horrez gain, oroitzapen berezia izan du. «Hiriko azken alkate errepublikarrari, Fernando Sasiaini, eskaintzen diot domina. Atzerrira joan behar izan zuen, lasai itzultzeko esan zioten gero, baina muga gurutzatu bezain pronto atxilotu eta kartzelaratu zuten», ekarri du gogora.