Urte askotarako!
Urtemuga borobila ospatu du Haurren Danborradak. 50 urte bete ditu Donostian dagoen ekitaldi jendetsuenetakoak eta osasuntsu dagoela erakutsi dio Helduen Danborradak bidalitako ordezkaritzari.
Ofizialki 12:00etan hasten da Haur Danborrada; baina, ohikoa den moduan danbor hotsak lehenago hasi dira ere, sukaldariz eta soldaduz jantzitako haurrek beraien eskolak nabarmentzeko. Txikienengan urduritasuna nabaria izan den arren, dagoeneko behin baino gehiagotan irten direnen algarek eta barreek girotu dute hasi bitarteko Alderdi Ederreko itxaronaldia.
Ordulariak eguerdia jo duenean, La Asuncion eskolako Haizea Marquez Easo Ederrak ekitaldiari hasiera eman dio mezu soil eta zuzenarekin. «Denoi egun ezin hobea pasatzea opa nahi dizuet. Arrazoi ezberdinengatik gure artean ezin direnak izan, gogoan ditugu». Ikastetxe bereko Mikel Salaberria Gudalburuak ere eman dizkie bertaratutakoei «urduritasuna» albo batera utzi eta ondo pasatzeko aginduak.
El Carmelo ikastetxeko Jon Arrese Danbor Nagusiak izan du San Sebastian martxa zuzentzeko ohorea, Haur Danborradari benetako hasiera emanez. Horren ondoren, eta bizpahiru pieza gehiago jo ondoren, urteroko desfilerik jendetsuenak hartu ditu Erdialdeko kaleak. Haur Danborradan 5.000 bat umek parte hartu badute, gehiago ziruditen hauei begira, ibilbidearen bazterretan, zeuden senitarteko eta lagunak. Askok komunikabideetako langileei beraien seme-alaben argazkiak ateratzeko eskatzen zuten, eskuei beroa ematen saiatzen ziren bitartean. Izan ere, primerako giroa baitzegoen eguzkiaren epelean; baina, segizioa ikusteko itzalean zai zeudenek nabaritu dute eguraldi hotzaren hozkada.
Santo Tomas ere, mende erdi
Haur Danborrada bera bezain zaharra da Antiguako Santo Tomas Lizeoa. Bategite hori kontuan hartuta, ikastetxeko arduradunek egoki ikusi dute mende erdiaren ospakizuna egiteko, ikastetxearen inguruan sortu diren danborradek ospakizun ekitaldi batean parte hartzea.
Hori dela-eta, Haur Danborradan parte hartzen duten bi konpainiek, gazteen Gaztekide eta gurasoek, ikasle ohiek eta irakasleek osatzen duten Danborkidek emanaldi berezia egingo dute igande honetan. Zehazkiago, Benta-Berri eta Antiguako kaleak, 11:00etatik aurrera girotuko dituzte San Sebastian martxa ez diren piezak joaz. Hori berriro entzuteko 364 egun gelditzen direlako.