Jone Olariaga: «Analisi sakon eta zintzoa egin behar da»
Lurdes Eraso (Egia, 1962) eta Jone Olariaga (Intxaurrondo, 1978) LABeko eta ELAko ordezkariak dira, hurrenez hurren. Sistema publikoa murrizteko aitzakia ekonomikotzat jotzen dituztenen aurka bi mobilizazio egingo dituzte ostegunean. Goizekoa, 12:30ean irtengo da Artzain Onetik; arratsaldekoa, aldiz, Bulebarretik, 18:00etan. Kalean ikusten den jende kopururen arabera neurtuko dute lan uztearen arrakasta.
Zergatik deitu duzue greba?
Jone Olariaga. Greba hau beste greben testuinguruan ulertu behar da. Krisiaren baitan, azken urteotan jasaten ari garen murrizketa eta sistema publikoaren aurkako erasoen baitan, hain zuzen ere. Orain bi urte egin genuen lehen greba eta orduan esan zen, jada, politika sozial eta ekonomikoak aldatu ezean, murrizketak etorriko zirela. Eta horrela izan da. Jasaten ari garen eraso guzti horiei erantzuna eman behar zaie.
Lurdes Eraso. Kapitala ongizate gizartearen aurka burutzen ari den erasoaldiak ez du mugarik. Krisialdiaren aitzakian, Bankak zer egin behar den agintzen du eta estatuek men egiten diote. Orain krisiaren errudunek pentsio sistema publikoa jomugan dute, eta hori baliatuz, eskubide sozialak indargabetu nahi dituzte erabaki politikoen bidez.
Olariaga. Erabaki politiko horiek merkatuen adostasuna edukitzearren hartzen dira eta sistema publikoari erasotzen diote. Badirudi pentsio sistema pribatua dela orain segurtasun handiena ematen duena, baina ez da horrela, eta datu objektiboak sobera daude.
Eraso. Egoera sozial larri honetan laguntza sozialaren aurrekontuak murriztu dituzte gehien erakundeek. Kontraesan handia da. Arduradun instituzionalak ez daude politika sozialak aldatzeko prest, eta gainera, alde batekoek nahiz bestekoek, erabaki berdinak hartzen dituzte. Jende hori kendu egin behar da herritarren gehiengoaren nahiak eta beharrak ez baitituzte asetzen.
Nortzuk dira erreformak gehien kaltetuko dituenak?
Olariaga. Ezin dugu esan erreformak nori ez dion eragingo. Erreformak orokorrean hitz eginda bi gauza aldatu nahi ditu: gero eta beranduago jubilatu eta pentsioa jasotzeko gero eta urte gehiago kotizatu behar izatea. Emakumeak zuzenean eragiten ditu feminizatutako sektoreetan lanaldi partzialak baitituzte eta kotizatu beharreko urteak bikoiztu egiten dira kasu askotan. Gazteei ere, gero eta beranduago sartuko baitira merkatuan eta lan erreformak bultzatutako baldintza kaskarragoetan. Jubilatzeko dagoen jendeari ere eragingo dio, zenbait sektoretan 67 urterekin lanean jarraitzea ezinezkoa izango baita, eta aurretik jubilatzen diren urte bakoitzeko murrizketa jasango baitute. Era batera edo bestera lanean gabiltzan guztiok jasango dugu eta, eguneraketaren beharra ere kentzear daudenez, pentsioa dutenek ere.
Eraso. Hego Euskal Herrian 135.000 pertsona langabezian daude eta hauen %36ak ez du langabezia-saririk jasotzen. Biztanleriaren %1, 2ak kontrolatzen du aberastasunaren %44,6a. Biztanleen %8ak hilean 500 euro baino gutxiago jasotzen du eta %36 pobreziaren muga azpitik bizi da. Pentsiodunen artean bazterkeria sozialaren arriskua handia da, batez besteko pentsioa 875 euro ingurukoa baita eta %71 pobrezia mugatik behera bizi da. Harrigarria da ere gazteen langabezia tasa %30koa izatea. Horrekin batera, sektore feminizatuak prekarioak dira: langabezia altua, lanaldi erdia… eta zaintza eta laguntza bere gain hartzen dute, dirurik jaso gabe. Emakume horien gehienak pentsio miserablea edo kobratzeko aukerarik ez du izango.
Pentsio sistema kinka larrian dagoela diote, ordea…
Olariaga. Jendeak bereganatu egin du neurri horiek hartu ezean sistemak ezingo duela aurrera egin. Pentsioen gastuaren 1998ko eta 2009ko datuak alderatuta, gastua oso gutxi hazi da eta pentsiodunen kopurua izugarri handitu da. Beraz, ez da egia pentsioetan gero eta gehiago gastatzen dela.
Eraso. Aitzakia ekonomikoak erabiltzen dituzte sistema publikoa murrizteko. Bideragarria ez dela diote, baina datuak ikusita eta adituen arabera, hori dena ukatu dezakegu. 2010rako aurreikusi zuten porrot egingo zuela eta 2009an, krisialdiaren erdian, gizarte segurantzak 8.500 milio euroko superabita zuen eta 64 milioi euro zeuden erreserba funtsean. Asmo bakarra pentsio plan pribatuen bidez bankua gure dirua lortzea da. Ez dago sistema publikoa krisian, sistema pribatua baizik. Krisiaz baliatzen dira beraiek dirua eskuratzeko eta prekarioan dauden kolektiboek ezingo dute pentsiorik jaso. Erreforma gehiago etorriko direla diote: kopagoa, alarguntasuna gutxitu. Jubilazioa ez da eskubidea izango, erosteko beste merkantzia bat baizik.
Olariaga. Denok borrokatu behar dugu pentsio sistema publiko on bat izateko. Jende askok ezin du sistema pribatura joan eta argi dago ez duela funtzionatzen, krisia ez baitugu guk sortu.
Honen aurrean zer?
Eraso. Herritarren gehiengoa botere ekonomiko handiek sortutako krisia pairatzen ari gara eta agintariek bankuen aginduak jarraitzen dituzte. Botere ekonomikoek herritarrok estutu nahi gaituzte eta erreformen ondoren, diru sarrerak izan. Gutxieneko lan errentaren zerga %23, pentsioetako erakunde pribatuek eta ondareetako inbertsio fondoak, %0,1eko zerga. Ez da bidezkoa. Aldaketak egin behar dira: Kalitatezko enplegua sortu, aberastasuna modu orekatuan banatu, emakume eta gazteak lan merkatuan sartu baina baldintza nahiz aukera berdinekin eta fiskalitatea era justu zein progresiboan antolatu. Horrez gain, euskal langileok ahalmena eta bitartekoak izan behar ditugu gure pentsio sistema erabakitzeko. Hemen lan, hemen bizi, hemen erabaki nahi dugu.
Olariaga. Salvados saioan ekonomia katedradun batek, LAB eta ELArekin zerikusirik ez zuena, Espainiako zerga-iruzurraren %5a jazarriz gero, pentsioak hirukoiztu ahalko liratekeela esan zuen. Analisi sakon eta zintzoa egin behar da. Lehen pausoa, arazoa sozializatzea eta jendea haserretzea da. Ez dakit zer gertatzen den, baina jendea hunkitzea oso zaila da. Inertzia gelditu eta erantzuna lortu behar da, gero, mila gauza egin daitezke.
Hiru urtetan hiru greba, eta ez dirudi azkena denik…
Eraso. Horrela jarraituta ez. Mila arrazoi daude egunero greba egiteko, eta erantzun bakarra ezin da hori izan. Grebek balio izan dute jendeak gertatzen ari dena barneratzeko, eta horrek, indarra emango digu beste modu batean erantzuteko.
Zerk itxi behar du Donostian, greba arrakastatsua izateko?
Olariaga. Bi gauza aipatuko nituzke. Itxi den portzentaiaz gain, arrakastatsua irudituko litzaidake jendea kalean ikustea. Lanera ez joateaz gain, kalean edo manifestazioan egon direnen kopuruak ere garrantzia du. Ikusi behar zaituzte, hori sozializatzeko aukera on bat da.