Bisitari kopurua gorantz
Donostia Turismok azken urteko balantzea egin du eta bisitari kopurua %12,5 hazi dela aditzera eman du. Denera, 471.088 bisitari izan ziren 2010ean, azken urteetako marka guztiak gaindituz.
Bisitarien artean, gainera, Espainia kanpotik etorritakoen kopuruak egin duela gora nabarmendu du Enrique Ramos Turismo zinegotziak. Iazko datuen arabera, 179.013 izan ziren Espainia kanpoko herrialdeetatik etorritako turistak. Kopuru honek hiru ehunekotan hobetu zuen 2009ko datua, %35tetik %38ra igaroz. Espainiako bisitarien artean, Madrildik etorritakoek hartu dute indarra. %23a osatzen dute, Kataluniako herritarren (%21) aurretik. Madrildarrak erakartzeko, hain zuzen, Donostia Turismok lan handia egin duela azpimarratu du Ramosek.
Donostiara oinez heldutakoen kopurua goraipatu dute, era berean. Iaz, 8.049 lagun izan ziren oinez iritsitakoak, kopurua %240 handituz. Gorakada nabarmen hau, hein batean, Done Jakueren urteari zor zaiola argitu dute.