Euskal kantutegiko abestien moldaketak, herritarren eskura
Udal Musika Eskola herri kanten bilduma osatzen ari da.
Udal Musika Eskola herri kanten bilduma osatzen ari da. Berrogeita lau kanta jaso dituzte lehen hiru aleetan.
Aitorren hizkuntz zaharra, Agur jaunak, Haurtxo polita, Aldapeko sagarraren, Donostiako hiru damatxo, Ikusi mendizaleak, Maritxu nora zoaz?, Olentzero, Orra Mari Domingi… Musika ikasle, irakasle eta herritar guztien eskura jarri dituzte euskal abesti ezagun hauen eta beste askoren moldaketak. Lehen hiru aleetan berrogeita lau jaso dituzte guztira. Horietatik hamasei gabon kantak dira. Donostiako Udal Musika Eskolaren ekimen berria da.
Helburua, Mikel Mate Udal Musika Eskolako zuzendariaren ustez, «pedagogikoa da. Kanta guztiak oso ezagunak dira, eta karaoke aukeraz ere hornitu ditugu. Creative Commons lizentzia dute abesti hauek, eta beraz, erabiltzaileek askatasun osoz jo, kopiatu, deskargatu, banatu, moldatu eta berrinterpretatu ahal izango dituzte. Baldintza bakarra, material hori ez saltzea eta hura erabilita egindako lanak lizentzia berarekin banatzea da».
Hainbat musika tresnentzako moldaketak Lizentzia honen bidez musika erraztasun osoz hedatu daiteke, egileen berezko eskubideak errespetatzen dira gainera. «Nazioartean horrelako material asko dago. Euskal kantutegian hutsune bat zegoen, eta gabezia hori bete nahi genuen. Eskolentzako berri hona da proiektu honek aurrera egin izana», azaldu du Matek. Modu honetan, edozein herritarrek aukera izango dute musika sortzeko, moldaketa hauek lagun dituela. Formatu fisikoan, CD batean, eta online, mp3 formatuan, eskuratu daitezke. Udal Musika Eskolan bertan, Euskal Herriko Udal Musika Eskolen sarean dauden zentroetan, Liburutegi Nagusian, Okendo kultur etxean eta Ernest Lluch kultur etxean CDa lortu ahal izango dute musikari zein musika zaleek. Mp3 formatuan, berriz, Udal Musika Eskolaren moodle gunean,
Gai bakoitzaren bi bertsio daude. Lehena, bakarkakoa, hasiberrientzako. Bestea, taldean jo nahi dutenentzako. Musika tresna bakoitzaren arabera moldatutako partiturak egin dituzte. Andoni Etxebeste, Koldo Soret eta Natalia Bellido izan dira proiektu honetan parte hartu duten musikari batzuk: «Musikaren lengoaia modernora moldatu behar izan ditugu pieza zaharrak. Trio formatu modernorako, bateria, baxua eta teklatua duten formazioentzat. Abesti horien esentzia mantendu eta berriztatu egin dugu», adierazi du Etxebestek. Guztiaren gainetik, erabiltzaileentzako pieza atseginak egitea izan da beraien lana: «Abesti hauek egitura itxiak dituzte. Gure lana, sormenaren bidez, bide berriak irekitzea izan da». Funka, reggaea, jazza, diskoa, rocka… Askotariko estiloekin ausartu dira musikariak: «Hala egin behar genuen, guztira ehun bat izango dira eta. Kanta asko dira eta desberdinak izatea nahi genuen». Plazera izan da haientzat euskal kantutegian murgiltzea, «askatasun osoz lan egiteko aukera eman digute eta», adierazi du Natalia Bellidok. «Ez genekien gustuko izango zuten. Baina azkenean sortzaile izaten utzi digute», gaineratu du. Aurten, beste bost bilduma argitaratzea da Udal Musika Eskolaren asmoa. Hiru hilabete barru beste hiru, eta urte bukaeran beste biak.