Bezeroak kalera irteten dira, maiz, barruko mahaiak libre utzita
Hiru aste igaro dira tabakoaren aurkako legea indarrean sartu eta toki publiko itxi guztietan erretzeko debekua ezarri zutenetik. Horrek ehunka pasadizo eta bitxikeria utzi ditu hiriko ostalaritza establezimenduetan.
Oro har, Donostiako taberna eta jatetxeetan erretzeko debekua jarraitzen ari dira herritarrak. Kasu gehienetan, batere arazorik ez da sortu. Kiskurra tabernako Peio Ostolazak dioenez, «gertatu izan zait bezeroren batekin hitz egiten aritzea eta bera, konturatu gabe, zigarroa piztea. Baina, esan ahala barkamena eskatu eta kanpora irten edo itzali egiten dute». San Sebastian egunean, berriz, pertsona bat atxilotu zuten legearen harira. Izan ere, San Lorenzo kaleko taberna batean erretzen ari zen emakume batek edalontzia bota baitzion irteteko eskatu zion tabernariari. Gertakari honek, ordea, ez du bat egiten tabernari gehienek ikusi dutenarekin, hau da, jende gehiena debekua errespetatzen ari da.
Hain zuzen ere, batzuek zuten beldurra ez da momentuz gauzatu eta jendeak ez dio erabat tabernetara joateari utzi. Ostolazak azaltzen duenez, «bezeroak etorri egiten dira tabernetara, baina eguraldiak laguntzen badu edaria hartu eta kalera joaten dira. Aldaketa bat bada, orain, maiz, aspertu egiten garela». Honekin ados dago Zabaleta kaleko Teorema tabernaren jabea, Jano Perez Aguilar. «Lehen hiruzpalau bezerorekin sortzen zen tertuliatxoa kanpora mugitu da, terrazara».
Kanpoa berotu beharra
Perez pozik dago legearekin, «osasunagatik, arropa garbiagoa dudala bukatzen dudalako lana eta abar. Taberna ere gutxiago garbitu behar izaten dut, lehen egunean 20 aldiz salmahaia garbitzen banuen, orain, bost edo sei». Hala ere, tabernariak ulertzen du beste ostalari batzuk neurriaren kontra egotea. «Nik zortea daukat, toldo handia eta mahaitxo batzuk ditut ate ondoan. Beste tabernari batzuek ez dute zorte hori eta badakit oso gogorra egiten ari zaiela». Dena den, Perezen ustez beherakada nabaria izan bada ere, «ez da tabakoaren legeagatik izan. Jendea dirurik gabe dabil, eta hori da etxean gelditzeko arrazoia».
Hala eta guztiz ere, Perez bere terrazarako butanoa darabilten berogailuak jartzea aztertzen ari da. «Ez dakit zer egin, badakit 4 hilabete baino gehiago behar izaten ari direla kasu egiteko eta, gero, bonbonen arazoa dago ere. Beraz, ez dakit zer egingo dudan». Ostolazak ere, berogailua dauka kanpoko mahaien ondoan. «Nik elektrikoa jarri dut. Lehen butanoa neukan, baina hau erosoagoa egiten ari zait».
«Gonbidatuek erre dezakete»
Hala ere, izena isilpean gordetzea nahiago duen Bidebietako tabernari batek ez ditu gauzak horren xamur ikusi eta zigarroa piztu duen bezero bati oldartu egin zaio. «Erretzen ari zara? Erretzen ari zara? Isuna zuk ordainduko duzu. Ezin dela tabernan erre, ostia!».
Ordu erdi geroago tabernariak ateak itxi eta aurreko bezero berari gerturatu zaio. «Orain erre nahi baduzu, erre! Orain, taberna itxita dagoela, hau nire etxea da… eta nire etxean, nire gonbidatuek erre dezakete». Bukatu du jabeak paketetik zigarroa atera eta, lokalaren barruan, piztuta.