Artea, lagungarri eta oroigarri
Koldo Mitxelenako kultur guneko Ganbarak espetxe itxura hartu du. Horma grisek eta watt gutxiko bonbillen argiak bisitariak eramango ditu Pedro Antequera Azpiri eta David Alvarez Flores marrazkilariek ezagutu zuten kartzelara. Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultura diputatuak Espetxeko erretratuak erakusketaren aurkezpenean azaldu zuenez, «arte baloreez gain, sorkuntzak egoera zailetan aurrera egiteko balio duela erakusten du bilduma honek».
Mikel Lertxundik egin du bi egile hauek espetxean egin zituzten marrazkien biltze lana. Erakusketaren arduradunak berreskuratu nahi izan ditu 36ko gerraren ondorengo errepresio frankista pairatu zuten marrazkilari hauek. Biak Madrilen jaioak izan arren, Gipuzkoan gauzatu zuten gerra aurreko beraien ibilbidea, belle epoque-aren Donostia beraien lanetan irudikatuz. 1934ean biek Madrilera itzuli ziren, bertan lan-aukera gehiago izango zutelakoan.
Gerra hasi zenean, biak Errepublikaren Gobernuarekin lerrokatu ziren. Hori dela-eta, faxistek Madril hartu zutenean kartzelara bidali zituzten. 1940ean David Alvarez fusilatu zuten eta Pedro Antequera Azpiri, berriz, bertan izan zuten 1943. urtera arte.
Buero Vallejo, Felix Urabaien…
Espetxean emandako denboran, bi marrazki eta karikaturagileek egindako lana da Espetxeko erretratuak erakusketaren ardatza. Lertxundik esplikatu duenez, «bitxia da beraien garaikideek ez bezala, Antequerak eta Alvarezek oso gutxitan irudikatzen dutela beraien inguru gogorra».
Bi artisten karikaturek modeloen izaera maisuki jasotzen dute. Besteren artean, Alvarezen eta Antequeraren kideak izan ziren Buero Vallejo dramaturgoa edota Felix Urabaien idazle nafarraren itxura ez ezik, beraien izaerak ere islatu zituzten biek; horienak, eta anonimoagoak izan ziren beste presoenak ere.
Bi egileen kasuetan bereziki mingarria izan zen Alvarez Floresena. Editorial Magisterio Españolek irudigilearen lana, hil eta gero, erabiltzen jarraitu zuen, baina bere marrazkietatik Alvarezen sinadura desagertu egin zen 1939rako.
Istorio hauek eta beste batzuk izango dira ikusgai martxoaren 12ra arte Koldo Mitxelenaren Ganbara aretoan. Artea une txarrak gainditzeko tresna baliotsua izateaz gain, ahanzturaren kontrako edabea ere izan daitekeelako.