Bertsolariak, kameleoi bihurtuta
Biziraupena helburu, gaitasun izugarria dute kameleoiek ingurunera moldatzeko, birmoldatzeko eta eraldatzeko. Bertsolariek ere hala egiten dute. Hala uste du behintzat Bertsozale Elkarteak. Kameleoiaren portaerari eta bertsolariaren jardunari antzekotasunak aurkitu baitizkio. Hor dago aurtengo Bertso Egunaren leloa eta irudiaren gakoa, Badatoz kameleoiak. Iritsi da bertsozaleen urteko hitzordua.
Aurten oso talde gaztea ibili da antolatzaile lanetan: Julio Soto, Unai Gaztelumendi, Jokin Castaños eta Jone Uria bertsolariak eta Egoitz Aizpuru eta Alaitz Rekondo gai jartzaileak. Haiek gorpuztu dute ideia nagusia.
Narrastiak azalaren kolorea moldatzen du ingurunera egokitzeko, eta bertsolaria ere horretan saiatzen da: «Bere baliabideak egokitzen ditu saio bakoitzerako. Espazioak eta publikoak baldintzatu ohi du gehien saioa. Bertsolariak, bere prekarioan, bere bitarteko gutxi horiekin eremu askotan moldatu daitekeela erakutsi du. Horregatik konbentzituta gaude bertsolariak kameleoiarena egin duela urtez urte», azaldu du Jon Agirresarobek, Bertsozale Elkarteko ordezkariak.
1968. urtean hasi ziren egun Bertso Eguna izenarekin ezagutzen dugun ekitaldia antolatzen. Jaialdiak ere, kameleoiek egiten duten bezala garai berrietara moldatu behar izan du. Larunbatean izango dute hitzordua bertsozaleek. Bi ekitaldi izango dira aurtengo Bertso Egunean. Emanaldi nagusia Kursaal Auditorioan izango da, 18:00etan. Alaitz Rekondo eta Egoitz Aizpuruk gaiak jarrita hamabost bertsolari izango dira kantuan: Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Jone Uria, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Miren Amuriza, Iker Zubeldia, Sustrai Colina, Sebastian Lizaso, Jon Maia, Andoni Egaña, Alaia Martin, Arkaitz Estiballes, Aitzol Barandiaran eta Igor Elortza.
Bi orduko saioa izango da, eta antolatzaileek ikuskizuna hasi arte gordeko dituzten hainbat sekretu daudela azaldu dute: «Eskaera bat luzatu dugu aurten. Ikusleei saioa oholtzatik jarraitzeko aukera eman nahi diegu. Ez dute ezer berezirik egin beharko. Bertsolariak ondoan egoteko aukera emango diegu. Jende askok eman du izena, baina oraindik lekua dago», esan du Agirresarobek. Izena eman nahi duenak 943 694129 telefonora deitu edota sustapena@bertsozale.com helbidera idatzi beharko du.
Gauean, 21:00etan afaltzeko ordua iritsiko da. Afaria eta festa egingo dute Kursaaleko Ni Neu jatetxean. Bertso musikatuak egingo dituzte. Saioa hasteko Arrate Illaro, Jone Uria eta Itxaso Paia eta Gibelurdinek musika taldea. Amaitzeko, Jokin Urangaren eta Iñaki Gurrutxagaren bertso jarriak. Horrez gain, tartean, bat bateko saio bat ere izango da. Azken urteetan goizean bertsolariak kalez kale atera ohi ziren: «Larunbaterako eguraldi aurreikuspenak, ordea, oso txarrak dira eta ez dugu egingo».
Mila eta zortziehun ikusle sartzen dira Kursaalen. Berrehun bat sarrera geratzen dira oraindik. Bertsozale Elkartearen atarian, edota egunean bertan, leihatilan, eskura daitezke. Ekitaldi nagusirako sarrera arruntak 18 eurotan daude salgai, 7 eurotan 16 urtetik beherakoentzat. Afariaz ere gozatu nahi dutenek 45 eurotan lortu ahal izango dute sarrera. 27 eurotan 16 urtetik beherakoek. Argibiderik beharrez gero 943694129 telefonora deitu dezakete.