Donostiako Zero Zabor taldea abian da
Usurbil, Hernani, Zarautz edota Orioren urratsei jarraiki Donostian ere Zero Zabor taldea eratu dute. Iazko uda aurretik sukaldari ikasle batzuek abian jarri bazuten ere, gaur arratsaldean ezagutarazi dute Koldo Mitxelena Kulturunean. Errauskailua eta Donostia bateragarri ez direla sinetsita, egokiena horren aurka bertatik egitea zela erabaki zuten. Zubidon –taldearen izena– abian da eta eztabaida gizarteratzea da lehen helburua.
«Arazo honek denoi eragiten digu, denok zaborra egiten dugulako eta errauskailuak kaltetuko gaituelako», dio Erik Gonzalez Zubidoneko kideak. Kezka horrek bultzatuta, Usurbilen eratutako Zero Zabor plataformarekin harremanetan jarri eta bertan parte hartzen hasi ziren. Hondakinak murrizteko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko neurri eraginkorrak eta politika publikoak bultzatu nahi dituzte. Gonzalezen hitzetan, «ez dugu sistema zehatz baten alde egiten, baina munduan zehar abian jarritako errausketaren alternatiba errealak badaude. Donostia hiri kosmopolita da eta errauskailuarentzat tokirik ez dago».
Donostia Zero Zabor hiria bilakatzeko bidean, lehen pausoa Usurbilgo Ituna hirira ekartzea izango da. Horren alde lan egingo duen jendea erakartzeko asmoz, hilabeteak dira lehen ekintzak egiten hasi zirenetik, baina ez dute nahi adina arreta lortu. Orain arte, bideo eta performancez gain, errauskailuaren norabidea erakusten zuten geziak jarri dituzte turismo posteetan. Gonzalezen berresten duenez, «metodo fresko eta berriak erabiltzen ari gara». Horren erakusgarri, Zarautzeko taldearekin elkarlanean grabatzen ari diren ZZ pertsonaiaren bideoak. Honek, oinezkoei errauskailuari buruzko galderak egiten dizkie. Horrez gain, Gipuzkoa Zero Zaborrek antolatutako flash mob dance – bat-bateko dantza jendetsua– bat ere prestatzen ari dira martxoaren 20rako. 2.000 lagunek Lady Gaga-ren parodia egingo dute Zubietako plazan. Dagoeneko musika prest dute eta Porrotxek edota Eñaut Elorrietak parte hartu dute.