Gipuzkoaren historia ezkutua
Nabarralde elkarteak Gipuzkoaren jatorriari buruz orain arte gehien zabaldu den tesiari aurre egiten dion dokumentala plazaratu zuen abenduan. Gipuzkoaren jatorria lanak, Gaztelaren konkistaren edo itunaren arteko kezka argitu nahi du, ezkutuan zeuden hainbat datu azaleratuz. Koldo Mitxelenan 19:30etik aurrera egingo duten Bageraren Asteazken Kulturaletan, lan hori ikusi eta bertan agertutako datuen garrantziaz eztabaidatzeko aukera izango da, Jose Luis Orella, Idoia Arrieta, Iñaki Sagredo eta Beñi Agirrerekin.
Dokumentalak Gipuzkoari buruzko ikuspegi berria eskaintzen du. «Orain arte Gipuzkoa betidanik existitu izan balitz bezala kontatu dizkigute gauzak. Hori desmitifikatu egiten dugu». Izan ere, historiaren interpretazioek antzinako kobazulo, jentil eta basajaunetatik abiatuta, kolpetik, Gaztelarrek 1200 urtea inguruan sortutako hiribilduei emandako gutunetara jauzi egiten dute. «Nolatan kobazulo garaian, Burdin Aroan, eta erromatarrekin euskaldunak bizi ziren inguruotan eta bat-batean gaztelarrak agertu eta hiriak sortzen hasi ziren ez da kontatzen. Zergatik dauden hemen ez du historialari ofizialak azaltzen eta DVD honetan saiatu gara pauso hori eta gerokoak nola gertatu ziren argitzeko», dio Agirrek. Horregatik, eskoletan eta historia curriculumetan barneratzeko oso aproposa dela uste du, «datu asko eta berriak, beste tokietan aurkitzen ez direnak, dakartzalako».
Isilgordetako hainbat datu
Berritzaile diruditen datu horiek ezagunak badira ere, historiografia ofizialak interesa izan du horietako batzuk ezkutatu edo bigarren mailara pasatzen. Gipuzkoa eta Gaztelaren artean emandako ustezko itunik izan ez zela erakusten du dokumentalak, Agirrez zehazten duenez, «1200ean Gipuzkoa ez baitzen existitzen. Beraz, ezinezkoa da». Akordiotik urruti, Aitzorrotz mendian bederatzi hilabete iraun zuten borroken arrastoak aurkitu dituzte inguruan egindako indusketa lanetan. Horren argitan, egungo Gipuzkoa dena indarrez pasatu zen Gaztelako lurralde izatera.
Ondorengo urteetan gaztelarrek hartutako erabakiak 1512ko Nafarroaren inbasioa prestatzera bideratu zituzten. Nafarroarekin mugan zeuden herriak gotortu eta harresitu egin zituzten gaztelarrek eta Agirrek gogoratu duenez, «Gaztelak sustatu egin zituen Ahaide Nagusien edo jauntxoen arteko borrokak, bere aldekoak babestuz, horiek Nafarroaren konkistan erabiltzeko». Garai hartan Donostiako hiribildua –Hernanitik Hondarribiara artekoa– Nafarroaren erreinuaren barruan tenentzia administratiboa zen. Gaztelarrek honen eta kostako beste hirien aberastasuna eta indarra baliatu zuten, besteak beste, Nafarroko erresumari itsasora bidea mozteko. Ordutik aurrera, Baionako portutik zabaldu zituen Errioxa aldetik eta Nafarroako erriberatik zetozen produktuak.