Classic zikloak Victoria Eugenia Antzokira ekarriko du Judith Jauregi pianista donostiarra
Judith Jauregi pianista gaztea.
«Urte asko dira Donostian nigan konfiantza izan duzuela. Musika Hamabostaldian, Classic zikloan…».
Judith Jauregi (Donostia, 1985) piano jotzaileak esker ona agertu nahi izan du hirian izan duen babesarengatik.
Pianoan etorkizun oparoa izango zuen neska gazte hura hazten hasi da. Bidea egiten hasi da pixkanaka. Diskoa argitaratu berri du, gainera. Gaur zuzenean izango da Victoria Eugenian, 20:00etan. «Ametsa da Victoria Eugenian jotzea. Nire bizitzako antzokia da. Txikitan hona etortzen nintzen musika klasikoko kontzertuetara», gogoratu du musikariak.
Fantasiak izena jarri dio gaur eskainiko duen programari: «Azken pieza Schumannen ‘Fantasiestucke op.12 (1837)’ da. Berari eskaini diodan diskoan dago. Pieza hau neukan buruan, eta fantasiaren inguruko beste pieza batzuekin programa osatzea pentsatu nuen. Mozartena, Brahmsena eta Alexander Skriabinenarekin», azaldu du Jauregik. Zuzenean joko duen musikaren inguruan xehetasun gehiago eman ditu gazteak: «
Mozart, musika klasikoaren erregea da. Fantasia oso purua da. Soinu garbi batekin hasiko naiz. Obra motz honen bidez iritsiko naiz Brahmsen fantasiara. Obra handia da. Zazpi fantasia dira. Oso desberdinak guztiak. Schumannekin konparatu daitezke. Skriabin, aldiz, indarra eta jenioa da, sua. Schumannek, berriz, denetik du».
‘El arte de lo pequeño’ diskoa
Schumannen konposizioak aukeratu ditu argitaratu berri duen diskoan jotzeko, «oso gertukoa sentitzen dudalako. Muturreko bi alderdi ditu. Delikatua da, batetik. Chopin baino gehiago une askotan. Intimoa eta erromantikoa ere bai. Beste batzuetan, aldiz, jenio bizikoa eta basatia. Bere piezak jotzea oso naturala da niretzat. Pieza txikiez osatutako konposizioak aukeratu ditut. Horregatik izena du El arte de lo pequeño».
Donostian Chopin eta Mompouren piezak jo izan ditu askotan, «baina ni ez naiz hori bakarrik», argitu du Jauregik. «Modu askotan aurkezten dut nire burua kontzertu honetan. Nolakoa naizen ezagutuko dute ikusleek», gaineratu du.
Malagan izan da programa berarekin: «Classic zikloak ate berriak ireki dizkit. Jerezeko Villamartan edota Bartzelonako Auditorin ere izango naiz». Musika eta poesia uztartuko dituen emanaldi batean ere parte hartuko du Bilbon, bi aste barru: «Antonio Machadori omenaldia egingo diogu. Jose Sacristan aktore handiak parte hartuko du».
Egun Madrilen bizi da Jauregi. Pianoko Goi Mailako titulua eta Ikasketa Amaierako Ohorezko Saria lortu zuen Donostian. Salamankako Kontserbatorioan eman zion segida bere prestakuntzari. Munichen ere izan zen, Richard Strauss Konservatoriumean. Ikasketak amaitutzat eman ditu:
«Hezkuntzatik urruntzea beharrezkoa da. Oso garrantzitsua da artistek bere kabuz pentsatzea. Eskoletan murgiltzen bazara dena egina ematen dizute. ‘Zer nahi dut?’ pentsatu behar duzu lehendabizi». Konposizioaren bidetik ez duela joko adierazi du: «Argi daukat nire bokazioa zein den. Interpretazio klasikoa da». Konpositore baten musika interpretearen araberakoa dela uste du Jauregik: «Pianista bakoitzak duen fisikoarengatik bakarrik… Pisu desberdina daukagu besoetan, proiekzio desberdina, arima desberdina ere bai.
Nire nortasuna ematen diot obra bakoitzari. Nik nortasun oso schmannianoa dut. Oso irekia naiz, baina isila aldi berean. Jenioa ere badut, baina badut nire alderdi intimoa ere», aitortu du musikariak.
Musika erromantikoa, errusiarra eta impresionista ditu gogoko pianistak. «Debussy eta Ravel izugarriak dira. Musika espainiarrean Mompou da nire gustukoena». Halere gauza berriak eta desberdinak probatzeko prest dagoela plazaratu du:
«Musika klasikoak beti izan du aspergarria, klasikoa eta elitista izateko estigma. Bide berriak irekitzen baditugu, fusioak egiten baditugu… Ikusle berriak erakarriko ditugu. Gaztea naizen aldetik, estigma hori kendu nahi diot. Musika klasikoaz mundu guztiak gozatu dezake eta».