Erretiroaren atzeratzearen aurkako greba orokorraren manifestazioa
ELA, LAB, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek deitutako eta, besteak beste, CNT, CGT, ezker abertzalea, EA, Aralar eta Alternatibak babestutako greba orokorrak harrera nabarmena izan zuen Donostian. Pentsioen erreformaren aurka gauzaturiko mobilizazioek jendetza bildu zuten, Espainiako Gobernua eta CCOO eta UGT erakundeen arteko aurreakordioa ezagutzera emandako egunean.
«Auskalo CCOO eta UGT sindikatuek zeren truke saldu gaituzten» galdetuz, LABeko Amaia Almiralek gogor kritikatu zuen erretiroaren atzeratzearen inguruan erdietsitako akordioa. ELAko Joseba Villarealek gogoratu zuen hau dela azkeneko bi urteetan deitutako hirugarren greba orokorra, «udaberrian, udan eta neguan, kalean izan gara, mobilizatzea merezi duelako», argudiatuta.
Atzoko greba deitu zutenek erretiroaren atzeratzeak hainbat alternatiba badituela aldarrikatu zuten. Besteak beste, Almiralek «burujabetza; hau da, hemen erabaki ahal izatea» proposatu zuen manifestazioa bukatzean. Iruzur fiskalaren aurkako borroka ere ekarri zuen gogora Villarealek, «iruzurgileek atea irekita baitute hemen bertan, Gipuzkoa plazan».
Añorgan, ogirik ez
Astearen hasieran Irutxuloko Hitzan argitaratutako elkarrizketan, Donostian greba deialdiak izandako arrakasta neurtzeko mobilizazioetan parte hartuko zuen jendea begiratu beharko zela adierazi zuten ELA eta LAB sindikatuetako arduradunek. Honen harira, pozik azaldu ziren atzo, manifestazioaren ondorengo adierazpenak bukatu ondoren Bulebarrera jendea iristen ari zelako oraindik.
Auzoetan zein Erdialdean greba deialdiak izandako jarraipena nabarmena izan zen. Denda eta bestelako establezimendu batzuen ateak irekita zeuden arren, asko zirelako lan uztearekin bat egin zutenak.
Besteak beste, Añorgan, merkatari guztiek itxi zituzten dendak. Bertan ogirik ere ezin izan zuten eskuratu auzotarrek, ez zutelako atzo egin. Cementos Rezola ere itxita egon zen grebaren ondorioz.
Martuteneko 27 poligonoan ere lan uzteak eragina izan zuen. Aktibitatearen aztarnak zeuden arren, lantegi gehienetako ateak itxita zeuden goizaren erdialdean.
Udalak emandako datuen arabera, erakunde honentzat lan egiten dutenen %27,6ak egin zuen bat grebarekin. Dbus enpresaren kasuan, datu ofizialak %32,6an ezarri zuen parte hartzea.
Bestalde, Kortxoenea bezalako hainbat eragilek bat egin zuten grebarekin. Groseko gaztetxearen webguneak, esaterako, mobilizazioan parte hartzeko arrazoiak azaltzen zituen oharra besterik ez zuen erakusten.