Sinadurak konponbide bihurtu dira
Egiako Iruresoro plazako bizilagunen zein Ur Zaleak elkarteko kideen aspaldiko aldarrikapena zen. Egia kalea eta Iruresoro plaza batzen dituen Ur Zaleak pasaiak, ordea, eraiki zutenetik berritu gabe jarraitzen zuen. Azken urteetan kalexka eraberritzeko eskaerak makina bat izan diren arren, oraindik ere, utzikeria nagusi zenez, elkartean nahiz inguruko etxebizitzetako administratzaileen etxeetan sinadurak biltzen hasi ziren, egunkari honek abenduaren 17an jakitera eman zuen bezala.
Aldarrikapenok, bada, Udalaren erantzuna jaso dute, bi aste barru hasiko baitira Ur Zaleak pasaia eraberritzen. Ana Rivilla Bide Publikoetako zinegotziak jakitera eman duenez, bi hilabete eta hiru aste barru kalea txukun egongo da. Inbertsioa 200.000 eurokoa izango da.
Aldaketa nabarmena izango dela azpimarratu du zinegotziak, goitik behera berrituko baitute kalexka. Lurzoruan ez ezik, lur azpian ere estolderia sarea aldatuko dutela zehaztu du Rivillak.
Begibistakoa izango da, ordea, kalexkak izango duen itxura berria, zola aldatzearekin batera, egungo aldapa xamurtzeko asmoa baitute. Eskailerak, era berean, mantenduko dituzte, baina arinagoak izango dira egungoak baino. Erortzeko arriskurik egon ez dadin, baranda jarriko dute, halaber. Kalexka argitzeko, berriz, sei farola.
Berrikuntza hauekin guztiekin, egun pasaia izena duenari, hiru hilabete barru, kale deitzeko moduan egongo dela esan du Ana Rivilla zinegotziak.