"778 La chanson de Roland" dokumentala, Zineguneak topaketan
Olivier Van Der Zee zuzendariak Orreagako batailaren inguruan egindako dokumentala izango du ardatz Euskadiko Filmategiaren ekimenak

Pascal Gaigne musikaria, Alberto Rojo ekoizlea eta Olivier Van Der Zee zinemagilea, Euskadiko Filmategian.
Olivier Van Der Zee zuzendariak Orreagako batailaren inguruan egindako dokumentala izango du ardatz Euskadiko Filmategiaren ekimenak Borja Cobeagak estreinatu zuen urtarrilean Euskadiko Filmategiak abian jarri duen programa berria, Zineguneak. Bere zaleekin ‘No controles’ filmari buruz hitz egiteko aukera izan zuen. Ikusle eta sortzaileen arteko topagune bihurtu nahi duen ekimenaren bigarren hitzordua antolatu dute bihar, asteartea, Koldo Mitxelenan, 19:30ean. Herbeheretako Olivier Van Der Zee zuzendaria izango da protagonista. Bere azken dokumentala, ‘778 La Chanson de Roland izango du hizpide.
1.200 urte atzera egin du Pasai Donibanen bizi den zinemagileak. Karlomagnoren inperiora, Orreagako bataila ezagunaren testuingurura, bidaia egin du. La chanson de Roland elezaharraren inguruan ikerketa historikoa egin du hainbat historialariren laguntzarekin, benetako historiaren bila. Zazpi urte darama Euskal Herrian bizitzen. Pasai Donibanen Orreagako batailaren aipamen bat ikusi zuen monumentu batean: «Eskolan borroka hura mairuek irabazi zutela irakatsi zidaten, eta bertan baskoiak agertzen ziren garaile. Ikertzen hasi eta argitu gabeko pasadizoa zela ikusita, pelikula egitea pentsatu nuen». Bataila hartatik abiatu eta testuinguru hura azaldu du bere lan berrian.
Pascal Gaigne konpositoreak ere parte hartuko du solasaldian. Armendariz edota Medemekin lan egin du musikagile frantziarrak. Garaño eta Goenagaren ’80 egunean’ filmaren musika ere berak egin du. Van Der Zeeren lanaren musikaren arduraduna izan da oraingoan.
Bihar, asteartea, solasaldian (sarrera doan) dokumentalaren trailerra emango dute eta filmaren nondik norakoak azalduko dituzte.