Ahotsak, gorputzak eta musikak betetako ‘Espazio hutsak’
Amaia Lasaren ‘Geroaren aurpegia’ poesia liburua izan da Higa Antzerkiaren proiektuaren abiapuntua
Amaia Lasaren ‘Geroaren aurpegia’ poesia liburua izan da Higa Antzerkiaren proiektuaren abiapuntua
Hiru aktore, Arantxa Moñux, Maria Alonso eta Kristina Ropero; idazle bat, Amaia Lasa; eta musikari bat, Iñaki Santos. Hauek dira Higa Antzerkiaren azken lanaren protagonistak. Tolosan estreinatu zuten iaz Espazio hutsak, Emakumeak aurrez aurre jardunaldietan. Lizartzan, Oreretan, Gasteizen eta Arrasaten izan ondoren Donostiara iritsiko dira otsailaren 2an eta 3an, Victoria Eugenia Antzokiko klubera.
Arantxa Moñux aktore donostiarrari bururatu zitzaion ikuskizuna prestatzeko ideia. Amaia Lasa idazle getariarraren poesia izan zen abiapuntua: «Aspalditik nuen bere lana ezagutzeko gogoa. Jakinmin handia nuen Geroaren aurpegia liburua irakurtzeko». Haren olerkiek hunkitu egin zuten Moñux: «Emakumeak garen aldetik idazleak jorratzen dituen gaiak gure kezkak eta sentimenduak adierazteko baliagarriak izan zaizkigu. Batzuk gordinagoak dira, beste batzuk, ordea, umoretsuak dira… Aspaldi idatzitako liburua da, eta iruditzen zait ez dela ezagunegia eta merezi zuela bere hitzak zabaltzea. Barruak eskatzen zidan». Moñuxek, gainera, harridura azaldu du Lasaren lanak izan duen oihartzun eskasarengatik: «Inork ez du egin bere obraren aipamenik. Koldo Izagirrek bakar bakarrik. Eta nik uste dut mami handia duela bere olerkigintzak. Estilo oso zuzena du».
Maria Alonsok eta Kristina Roperok harekin bat egin zuten. Poemak aukeratzen hasi ziren: «Guztira hamazazpi hautatu ditugu. Olerkiari gorputz mugimenduaren bidez laguntzen diogu. Olerkia girotzen dugu nolabait, horretarako gaude gu hirurok eszenatokian. Ez da antzerki konbentzionala». Roperoren ustez, «ez da errezitaldi hutsa, ezta irakurketa ere. Olerki antzeztu gisa bataiatu dugu».
Emakumearen ahotsa nabarmena da obra honetan: «Emetasunari buruzkoak dira poesia batzuk, baina badira bestelakoak ere. Gizon eta emakumeen arteko harremanak, bakardadea, maitasuna, indibidualismoa, gizartea bera, ametsak… Inkonformismoa nabarmentzen da guztietan. Denetik luzatzen diogu publikoari, galderak, proposamenak, pentsamenduak, hausnarketak, iradokizunak… », azaldu du Roperok.
Solasaldia, ikusleekin Zuzeneko musika Iñaki Santos donostiarrak joko du. Musikariak eta aktoreek espazio hutsa izango dute eszenatoki gisa. Aulkiak besterik ez dira izango, «ahotsa eta gorputzari erabateko protagonismoa emateko. Ez da dantza ikuskizun bat, baina badaude antzerki partitura moduko batzuk». Amaia Lasa idazlea bera Victoria Eugenia klubean izango da asteazkeneko eta osteguneko emanaldietan. Ikusleek aktoreekin eta idazlearekin berarekin izango dute solas egiteko aukera, emanaldiaren ondoren.