Matrikulazio epea abian da
Datorren ikasturteari begira haurrak ikastetxeetan aurre matrikula egiteko epea atzo hasi zen. Gurasoek hilaren 11 arte izango dute beraien seme-alabak Haur Hezkuntzako (HH), Derrigorrezko Lehen Hezkuntzako (DLH) edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasketetan izena emateko. Hezkuntza proiektuaren xehetasunak azaldu eta zalantzak argitzeko asmoz, hiriko ikastetxeak informazio bilera eta elkarrizketa zurrunbiloan murgilduta dabiltza egunotan. Aldagai asko izaten dira hautaketan, baina zehaztu beharreko bi dira nagusiak. Ikastetxe mota, batetik, hau da, eskola publikoa ala pribatua; eta hizkuntza eredua, bestetik.
Etxetik edo gurasoen lantokitik gertu egotea erabakigarria izan ohi da. Ikastetxe publikoen eskaintza oso zabala da eta auzo guztietan aurki daitezke sareko eskolak. Añorgan, Amasorrain; Antiguan, Jakintza edo Antigua-Luberri; Intxaurrondon, Intxaurrondo Hegoa, Intxaurrondo edo Lauaizeta; Martutenen, Arantzazuko Ama; Egian, Zuhaizti eta Aitor; Igeldon, herri ikastetxea; Grosen, Zubiri-Manteo; eta Igaran, Ibai.
Parte Zaharrean, aldiz, Orixe ikastola dago. Han ere gehienak auzokoak dira, baina «kanpokoak ere badaude, baina auzoarekin lotura dutenak», zehaztu du Miren Arriet zuzendariak. Azken urteetan asko hazi dira aurre-matrikulak, Zuloagako eraikina zaharberritu zutelako eta udal haurtzaindegira haurra zeramatenek jarraipen gisa ikusten dutelako. Ondorioz, «tokiaren da galdera errepikatuena». Iaz eskariak eskaintza gainditu zuen eta Eusko Jaurlaritzak zehaztutako irizpideen arabera hautaketa egin behar izan zuten. Kanpoan gelditutako batzuk berriro saiatuko dira, baina oraingoan ere ezin diete tokia ziurtatu. Arrietek ohartarazi duenez, HHko gelak «oso-oso beteta daude; bi plaza edo libre», DLHn aldiz, tokia badago.
Hizkuntza elebiduna, nagusi
Gero eta gehiago dira D ereduaren aldeko apustua egiten duten gurasoak. Hau eskaintzen duten ikastetxe eta ikastolak ugariak badira ere, B ereduarekin osatzen dutenak ere badaude, Loiolako La Salle edo Amara Berri kasu. Azken honek sei hezkuntza lerro ditu, bost D eredukoak eta bakarra B-koa. Orokortu ezin bada ere, epe baterako etorritakoek edo euskara ez dakiten guraso batzuek nahiago izaten dute eredu hori. Bietan hala bietan helburua bera dela argitu du Emilio Martin zuzendariak, «bi hizkuntzak menperatzen dituzten haur elebidunak ateratzea». Hizkuntzaz gain, aktibitate sozialen bidez konpetentziak lantzen dituzte, Martinen hitzetan, «haurrak hezi nahi ditugu, ez bakarrik edukiak jakiten, baizik horiek aplikatzen». Bide horretan lagungarri zaizkie ere informazioaren eta komunikazioaren teknologiak. Ikasleek gauzak egiteko tresna gisa erabiltzen dituzte, esaterako, egunkaria edota telebista saioak.
Partekatutako balio eta hezkuntza ildoarekin batera, eskolak eskaintzen dituen bestelako zerbitzuak ere aintzat hartu beharrekoak dira. Jangelek gero eta eskari handiagoa dute, baita ikasgela barruan jasotako hezkuntzaren osagarri diren eskolaz kanpoko ekimenek ere.
Internet bidez ere egin daiteke eskakizuna
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren webgunean egin daiteke aurre-matrikula, hilaren 10a arte Teknologia berriek gero eta leku handiagoa dute hezkuntzaren alorrean. Ezagutzaren irakaskuntzan baliagarri izateaz gain, eskola munduarekin lotura duten izapideak erosotasunez egiteko ere erabilgarri dira. Horren erakusgarri, Hezkuntza Sailak aurre-matrikula internet bidez egiteko aukera eskaini du aurten. www.hezkuntza.net webguneko loturari jarraituta eskakizuna egiteko, erabiltzailea erregistratu eta emandako hitz gakoa erabiliz, inprimakia bete besterik ez da egin behar. Formularioan aukeratutako hiru ikastetxeak zerrendatu behar dira eta hizkuntza eredua zehaztu. Edonondik eta noiznahi erabilgarri izango da bide hau, hilaren 10a arte. Hori bai, aurrez aurrez izena ematea nahiago dutenek bezalaxe, aurrematrikula gauzatzeko beharrezkoa da dokumentazio osagarria lehen aukera gisa zehaztutako ikastetxera eramatea. Zentro bakoitzak adierazitako ordutegian egin beharko dute, hilaren 11a baino lehen. Bide batetik nahiz bestetik egin, onartuak direnen zerrenda martxoaren 11n ezagutzera emango dituzte ikastetxeek. Kanpoan gelditzen direnek bigarren eta hirugarren zerrendatutako zentroetan saiatu beharko dute. Informazio gehiagorako:- Eusko Jaurlaritzaren Andia kaleko ordezkaritza.
- Telefonoa: 943- 02 28 50
- E-posta: huisgreg@ej-gv.es