Sahararen alde bustitzeko ordua
Sahararen Lagunen Elkartea, azkeneko urteetan bezala, saharar errefuxiatu kanpamentuetara bidaltzeko janari bilketa egiten aritu da azkeneko hilabetean. Larunbata honetan, Gipuzkoa plazan, elikagaiak jasotzeaz gain, Urumean gauzatutako elkartasun ekimena egin dute ere, Gondolin SUP Klubaren laguntzaz.
Hiriko ibaiaren uretara sartu ziren 50 bat lagunek janari bilketarako zerbait ekarri behar zuten parte hartzeko izen emate gisa. Guztira 200 bat kilo janari bildu zituzten, kilo beteko ordainsaria laukoiztu egin zutelako ekimenean parte hartu zutenek.
Urumea ibaia, Agirre lehendakariaren zubitik itsasoaren ertzerain
o, zeharkatu zuten parte hartzaileek. Bidean SOS hitza osatu zutela, publikoa saharar herriaren egoeraz ohartarazteko.
Azken aukera, Marrutxipin
Sahararen Lagunen Elkarteak era berezian ikusi du aurtengo janari bilketa. Maite Berzosa kideak azaldu duenez, «bi helburu nagusi genituen aurten. Batetik, janari falta dela-eta kanpamentuetan sortzen ari den osasun arazoa nabarmentzea. Bestetik, Aaiunen gertatutakoaren inguruko informazio falta salatzea».
Krisiak krisi, pozik daude elkarteko kideak. «Bitxia izan da, aurten Gipuzkoa plazan larunbatean egin genuen bilketan bikoztu egin genuelako iaz jasotakoa, bai elikagaiak eta baita dirua ere».
Otsailaren 19an irtengo da kanpamenduetarako karabana. Sahararen Lagunen Elkarteak ez du bien bitartean beste jasotzerik egingo. Hala ere, orain arte pilaturikoa Marrutxipiko autobus biltegian ari dira prestatzen eta, Berzosak azaldu duenez, «nahi duenak bertatik pasa eta ongi etorria izango da bere ekarpena». Modu berean, Sahararen Lagunen Elkartearekin harremanetan jartzeko
626-34 50 09 telefonora deitu besterik ez dagoela gogorarazi du. Hain zuzen ere, bustitzeko garaia iritsi dela uste baitute elkarteko kideek.