Elkarren artean arteaz gozatu
Hiriak dirudiena baino kultur jardun gehiago duen beste adibide bat da Gipuzkoako Artisten Elkartearen oraingo ekimena. Talde honetako kideen erakusketa kolektiboak gaur itxiko ditu bere ateak, hilabete osoan egile ugari eta mota askotariko lanak nahi izan duenaren begien aurrean egon ondoren. Aldapeta kaleko 20. atarian ditu egoitza eta erakustaretoa artisten elkargoak, eta ateak zabalik gogoa duen edonorentzat. Nahiz eta Eneko Etxebeste lehendakariak azaldu duenez, «jende gutxi etortzen da erakusketetara».
Elkartearen arduradunaren aburuz, «guk artearen ikuspegi zabala dugu. Gozamenerako zerbait bezala ikusten dugu. Ez dugu teknika terminoetan ikusten». Maiztasun zehatzik gabe egiten dituzte erakusketa kolektiboak, eta banako kideen saioen artean «programazioa osatzeko egiten ditugu taldekoak, jendeari zertan ari den erakustea gustatzen zaiolako».
Aretoaren hormak gaur arte bete dituen bildumako 35 lanak mota eta teknika askotakoak izan dira. Hurrengo erakusketak, berriz, artearen alderdi berriagoa den instalazioen munduari irekiko dizkio ateak. «Abian dugun Diziplina anitzeko sormen tailerrean ari garenon instalazioak izango ditugu ikusgai. Artea ulertzeko modu berriagoa, alegia», azaldu du Etxebestek erakusketaren asmoa eta elkartearen norabidea nondik doazen azalduz.
Erakusketa aretoa edozeinentzat irekia dagoen bitartean, elkarteko kide batzuk ondoko tailerrean ari dira lanean. Felix Barcenak, erdi txantxetan erdi serio, dioenez, «erakusketa hau gure egoarentzat oso ona da. Gure lanak jendeaurrean jartzearen sentsazioa beti da ona».
Bestalde, erakustaretoaren kokapenaren abantaila honako hau da: oso litekeena da lanak ikusgai dituen artistetako bat tailerrean egotea, baita bisitariari bere lana aurkezteko prest azaltzea ere. Gregorio Lopezek olio gorriz margoturiko mitxoleta zelaia izan du ikusgai. «Ausarta izan naiz, loreak ez ezik, lurra ere gorriz margotu baitut. Berez, marroixka zen Errioxako inguru hori; baina, niri kolore gorria eskatzen zidan».
Lopezek «betidanik» margotu egin du; baina, erretiroa hartu zuenean ekin zion «serioago» margotzeari. Barcenak, berriz, lan egiteari utzi zionean hasi zen jarduera artistikoan. Hau ere, bere lanaz hitz egiteko gogotsu azaldu da, eta bere marrazkiek istorio bat kontatzea gustuko duela onartzen du. «Orain komikia eta nire bilobaren irudia elkartzeko hainbat modu aztertzen ari naiz».
Bada, beraz, Aldapeta kalearen 20 zenbakian, arteaz gozatzeko ez ezik, hitz egiteko aukera ere ematen duen txokoa. Eta erakusketa kolektiboa gaur amaituko bada ere, hurrengoak ere ezaugarri hauek mantenduko ditu.