Hiria Urumea ibarraren baitan berpiztea izango da hamarkadako erronka
Donostiak datozen hamar urteetan hazi eta eraldatzeko plana du mahai gainean. Bi urtez eragile publiko eta pribatuekin lanean aritu ondoren, lau ardatz nagusi dituen Estrategia 2020 txostena aurkeztu du etorkizuneko plan estrategikoa eratzeko ardura duen udal bulegoak.
Donostiak etorkizunean jorratu beharko dituen bide nagusiak lau izango behar direla zehaztu du Marisol Garmendia Lehendakaritza eta Berrikuntza zinegotziak: konektatutako hiria izatea, berrikuntza eta ezagutzan aurrera egitea, gizasemeen aldeko baloreak indartzea eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko bitartekoak bilatzea.
Lau ardatz teoriko hauei, baina, Urumeako ibarra berpizteko erronka gaineratu du Odon Elorza alkateak. Hamarkada honetan ibai bazterrak berritu eta itxuraldatuko dituen hamaika egitasmo daudela azpimarratu du. Guztiak Urume@ proiektuan bateratuko dituztela adierazi du. Estrategia 2020ren aurkezpenaren baitan, Urumeako ingurua goitik behera aldatuko duten proiektuetako batzuk zerrendatu ditu alkateak: «Memoriaren lorategia, Egiako parkearen zabalkundea izango den Ibaialde parkea, Txomin Eneako auzunea, espetxearen lekualdatzea, Antondegi, 27 Industrialdea eraberritzea edota uholdeak ekiditeko ibai bazterra txukuntzea».
Ekonomia
Krisiak eredu ekonomiko berrietara egokitzeko beharra nabarmendu du eta 2020 Estrategiak jarduera ekonomiko berriak sustatzen jarraitzeko beharra plazaratu du. Hain zuzen, klima aldaketari aurre egin edo energia berriztagarriak lehenesten dituen sektoreak indartu behar direla ondorioztatu dute plan estrategikoan lanean aritu direnek. 27 Industrialdean eraikitzen ari diren Enertic gunea izango da hurrengo hamarkadan giltzarri.
Horrekin batera, adinekoen bizi kalitateari eta beharrei erantzuteko ikerketa eta lanari eustea jo dute beste eginkizunetako bat.
Baloreak
Donostia eraldatzeko, elkartasuna eta bizikidetza oinarri duten herritarrak behar direla azpimarratu dute 2020 Estrategia planean, hala, gizasemeen aldeko baloreak indartzea ezinbesteko jo dute.
AHT eta Metroa
Hurrengo hamarkadan garraiobideetan egingo diren aurrerapausoak, halaber, herritarren mugikortasunean iraultza eragingo dutela zalantzarik ez dute. Plan estrategikoak, bada, inguruko hiriak elkar lotuko dituen Abiadura Handiko Trena eta Donostialdean zehar ibiltzeko aukera handiagoak eskainiko dituen Metroa izendatu dituzte.
Aisia
Hiriaz gozatzeko aukerak handitzea beharrezko jo du ere Estrategia 2020k. Hala, hiriko kultur parkeek izango duten garrantzia plazaratzearekin batera, Plan Estrategikoko zuzendariak, Kepa Kortak, gazteentzako aisiari etekin handiagoa ateratzea aipatu du. Proiekturik ez dagoen arren, eskaintza zabaltzeko gazteekin lan egin behar dela azaldu du.