Kalitatezko zerbitzua bermatzen duen saria jaso du hiriak
Saria eskuratzeko aukera zuten 106 hiri eta txoko turistikoren artean, Donostiak jaso du kalitatezko norako turistikorik onenaren saria. Odon Elorzak jaso zuen, atzo, Joan Mesquida Espainiako Turismo idazkariaren eskutik, oroigarria.
Mesquidak Donostiak eskaintzen duen kalitateaz gain, donostiarrak nahiz turismo alorrean lanean ari diren langileak bisitariekin oso abegitsu direla goraipatu du. Era horretan, hirira behin datozen turistek beste behin errepikatzen dutela azpimarratu du. Hala nola, bertara etortzen diren lagunen %84 aurretik ere ezagutzen zutela zehaztu du.
Abegitsu izateaz gain, Donostiak eskaintzeko ugari duela plazaratu du. Ekipamendu eta leku ikusgarriekin batera, kultur agenda ere oso erakargarria dela nabarmendu du. Hala nola, Zinemaldia, Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia aipatu ditu. Era berean, Donostia pintxoaren hiriburu dela eta era guztietako biltzarrak erakartzeko esfortzu handia egiten dela azaldu du.
Saria jaso duen Odon Elorzak bisitariei amua jartzeko lanean ari diren eragile publiko eta pribatuen egitekoa nabarmentzearekin batera, oraindik ere, ustiatzeko indarguneak badirela esan du. Urteotan, Donostia 2016ren txanpa baliatuz, kultur arloari heldu behar zaiola aipatu du.
Horrekin batera, hirira eroso heltzeko garraiobide sisteman ere, tren azpiegituran kasu, aurrerapausoak ematea ezinbestekoa izango dela jakinarazi du.