Sustraietatik hostoetara
Kantua, musika eta dantza da Hostoak. Diziplinen arteko elkarrizketa. Oreka TX, Amaren Alabak abeslari taldea eta Kukai dantza konpainia dira ikuskizun honetako solaskideak. Arte horien mugak haustera etorri dira, haien definizioen muga zorrotzak gaindituta elkarrekin jolas daitezen lortu nahi dute. Musika tresnak dantzaren eta koreografiaren zati dira, eta txalapartako makilak dantzatzen diren moduan dantzatuko dira abeslariak eta musikariak. Sei musikari, sei dantzari eta sei dantzari igoko dira hurrengo otsailaren 19an, larunbata, Kursaal Auditoriora. Estreinaldia izango da.
Tradizioaren kulturatik abiatuta, bide garaikideetan barrena murgiltzen diren sortzaileak bildu dira proiektu honen inguruan. Elkar ezagutzen dute, eta diziplina desberdinetako taldeekin lan egiteko grinetik sortutako lana da. «Amaren Alabak taldeko abeslariak duela zazpi urte inguru ezagutu genituen, Herri Urrats jaialdian. Kukai dantza taldearekin ere lan egin izan dugu. Euskal tradiziotik gatoz guztiak, baina ikuspegi bera partekatzen dugu, iraganetik abiatzen gara etorkizunera begiratzeko. Euskal sustraiak dituen zuhaitzetik sortuko dira hostoak. Gu, enbor horren barruan dagoen bizigarria gara», azaldu du Oreka TXeko Igor Otxoak.
Kolore eta forma desberdinetako hostoak
Hiru sortzaileen bizigarritik sortuko dira askotariko hostoak oso desberdinak, forma eta kolore desberdinetakoak. «Gaiak ere askotarikoak dira, kontraste handiko ikuskizuna da. Maitasuna, euskararen egoera latza Euskal Herriko hainbat eremutan, Iparraldea eta Hegoaldearen arteko harremana edota natura bera islatu dugu emanaldi berrian».
Iraganean oinarrituz, aurrera begira
Mireia Gabilondok zuzendu du ikuskizuna. Hiru osagaiak elkartzea plazera eta erronka izan dela adierazi du. Nondik heldu dio obrari? «Sustraiak tinko lurrean izanda zuhaitz horien hostoak noraino iristen diren erakusten dugu. Finean, ideia nagusia honakoa da. Sustraiak errotu behar dira nongoak garen jakiteko. Zuhaitz adaxkek, berriz, luzeak izan behar dute, eremu berrietara iritsi ahal izateko».
Emanaldiaren kolorea aldakorra izango da: «momentu hunkigarriak dira batzuk, alaiagoak beste batzuk… Denetik dago. Festa bat da, eszenatokia pixkanaka betetzen hasten delako. Eta denak behin elkartzen direnean bat egiten dutelako. Une batean hogei pertsona biltzen dira bertan. Guztiak kanta, dantza eta musika egiten, elkarrekin».
Zuberoatik etorriko dira Amaren Alabak. A capella kantatu ohi dituzte euskal kantutegitik berreskuratutako piezak, «biziberritzeko eta ez galtzeko». Moldatutako kanta tradizionalak espreski ikuskizun honentzat sortutako abestiekin nahastuko dira. Euskararekin batera, okzitaniera eta gaztelania agertuko dira. Etxahun Iruri, Xalbador, Beñat Mardo edota Mixel Etxekopareren hitzak entzun ahal izango dira.
Jon Mayaren Kukaik taldeak hamar urte beteko ditu aurten. Ezagunak dira hain zuzen ere Mireia Gabilondorekin elkarlanean egindako Hnuy Illa edo Otehitzari biraka ikuskizunak.
Kursaaletik, Baionara, Bilbora, Iruñeara, Gasteizera, Donibane Garazira eta Maulera ere eramango dute.