Amara saihesteko zubi-bidea
Anoeta aurreko Aita Donostia plazan dagoen biribilgunea ia ezinbesteko pasagunea da ospitaleen ingurura igo nahi duenarentzat.
Donostiako beste auzoetatik zein lurraldearen gainontzekotik datozenek bertatik pasatzeko beharra izan dezaten saihesteko ospitaleen inguruak lotura zuzena izango du Intxaurrondoko saihesbidearekin eta Urumeako korridorearekin, G-40 izen ofiziala izango duen errepidea inauguratzen denean.
Hain zuzen ere, azpiegitura hau apirilerako bukatu nahi dute, eta lan hauen arduradun den Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, bi kilometroko errepidearen eginbeharrak amaitzeko muturretako loturak besterik ez dira falta.
2008an hasi ziren bide hau osatzen. Dagoeneko erabilgarri dagoen Intxaurrondo eta Martutene arteko loturarekin bukatu zen lehen fasea. Bigarrena berriz, hiruhilabetetan bukatzea espero dute. Horretarako, Ilunbe parean, saihesbidearen gainetik pasatuko den zubi-bidea bukatu beharko dute.
Errepide gaineko zubia
Une honetan Donostiako saihesbidearen gaineko azkeneko zubia egiten ari dira. 160 metro luze izango den azpiegitura azpiko errepidearen trafikoa eten gabe egiten ari dira. Zubi-bideak Ilunbe eta Miramongo maldak lotuko ditu bi zutoinen gainetik pasatuta.
Azken hilabeteak zutoinak prestatzen jardun dute eta, orain, ekingo diote 160 metroko zubi-gaina jartzeari. Lan hauetarako hiru bat aste beharko dituzte. Hain zuzen ere, atzo eta gaur artean, jarriko dute Ilunbe eta saihesbide ondoan dagoen zutoineraino doan lehen pieza.
Bigarren astean, zehazkiago otsailaren 12an, 64 metro dituen bi zutoinen arteko tartea jarriko dute. Hilaren 19rako utziko dute bigarren zutoina eta beste malda lotzeko lana.
Altzairuzko osagai hauek jartzeko sei katu erabiliko dituzte, eta piezen tamaina eta pisua kontuan izanik 8 metro orduko mugituko dituzte. Hau da, segurtasuna bermatzeko moduan lan egingo dute.