"Gure lanak oihartzun handiagoa beharko luke izan komunikabideetan"
Realak baditu gizonezkoen futbol taldeaz gain beste adar batzuk ere eta, agian, emakumezkoen belar hockeyko taldea da ahaztuenetakoa. Lehen fasean, bere multzoko lehena izan da Reala eta martxoaren 6an itzuliko da Ligara, bi hilabeteko atsedenaldiaren ostean. Iaz Ligako txapeldunordeak izan ostean, berriro ere lan ederra egiten ari dira txuri-urdinak eta denerako prest daude.
Anabel Floresek (Trintxerpe, 1983) hamar urte daramatza taldean eta Irutxuloko Hitzak bere ahotik entzun nahi izan du taldearen egoera nola bizi duen.
Nola bizi duzue halako atsedenaldi luzea taldekideek?
Normalean urtarrila eta otsaila atsedenaldi garaia izaten dira eta aurten berdin gertatu da. Martxoaren 6ra arte ez dugu Ligako partidarik eta orain bereziki fisikoki ongi egoten saiatzen gara, baita lehenengo fasean egindako akatsak zuzentzen ere. Garrantzitsua da lehiaketaren bukaerara arte egoera fisiko onean iristea.
Oso luzea egiten zaizue?
Bai. Gainera gehiago entrenatzen dugu, askotan astean bost egunetan eta lehia iristeko sekulako gogoa dugu.
Urtarrilean Erregetako Torneoa jokatu zenuten eta txapeldunordeak izan zineten.
Lagunarteko torneoa da, baina prestigio handikoa. Aurten, esaterako, Italia, Mosku eta Belgikako selekzioen aurka jokatu dugu. Egia esan, Gabonen ondoren halako txapelketa bat jokatzeak asko nekatzen du, baina lehiatzeko ongi dago. Iaz txapelketa irabazi genuen eta aurten gogoarekin geratu gara. Taldea egiteko erabili dugu eta emaitza ez da garrantzitsuena.
Iaz Ligari gogor ekin zenioten eta txapeldunordeak izatea lortu zenuten. Aurten ere indartsu zabiltzate, nola ikusten duzu taldea?
Lehenengo fasean gure multzoko lehenengoak izatea lortu dugu eta nire ustez orain fase polit eta zailean sartuko gara. Ligako talde gogorrenekin lehiatuko gara eta partidaz partida joan behar gara, lehenengo fasean bezala. Iaz sekulako denboraldia osatu genuen, Ligako txapeldunordeak eta Kopako hirugarrenak. Denak oso gustura geratu ginen, baina oso zaila da hori errepikatzea. Jokalarien %80 etxekoak gara eta ilusioa eta, gogoa beti hor ditugun arren, zaila da. Hori bai, lehenengo lauen artean geratu behar dugu, tituluarengatik borrokatzeko play off-etan sartzeko.
Zuk esan bezala, bereziki etxeko jokalariek osatzen duzue taldea. Zein da halako emaitza onak lortzeko sekretua?
Entrenatzea eta entrenatzea. Egia esan, oso talde batua gara eta praktikoki amateurra. Entrenatzea da gure gakoa.
Badituzue jokalari gazteak taldean. Harrobi nahikoa duzue?
Kataluniako taldeekin alderatuz gero, kantitatean askoz harrobi txikiagoa daukagu. Hemen, ordea, harrobia donostialdekoa da, ez da Gipuzkoa osora zabaltzen, hori nahiko genukeen arren. Hala ere, kalitate handiko jokalariak dauzkagu eta gurekin hiru gaztetxok entrenatzen dute. Oso pozik gaude txikiekin.
Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
Beno, taldearen oinarria garenok elkarrekin lanean lauzpabost urte daramatzagu eta pixkanaka sendotzen ari da. Etorkizunari begira, gaztetxoek taldean pisu gehiago hartzea espero dut eta kanpotik ekarritako errefortzu zehatzen batekin talde on bat lor daiteke. Arazoa zera da, guk taldea hobetzen dugula, baina gainontzeko taldeek fitxaketak egiten dituzte eta Ligan postu ona lortzeko lan asko egin beharra dago.
Lortutako emaitza onei esker, taldea ezagunagoa egiten ari da?
Zaleak betikoak dira; lagunak, senitartekoak eta bikotekideak. Nahiago genuke partidetan ikusle gehiago izango bagenitu. Komunikabideetan hitz egiten dugun aldi gutxietan beti gonbidatzen dugu jendea partidetara. Doakoa da eta eguraldi ona dagoenean zoragarria da Bera Berako terrazan zerbait hartzen duzun bitartean partida ikustea. Agian, iaz gutaz gehiago hitz egin zen, baina txapeldunordeak geratu behar izan genuen horretarako! Gure lanak oihartzun handiagoa beharko luke izan komunikabideetan, baina futbolak eta saskibaloiak dena hartzen dute.
Urte asko daramatzazu hockeyean, ezta?
Uste dut 11 urterekin hasi nintzela. Beraz, 16 urte inguru daramatzat hockeyean eta Realean beteko dudan hamargarren urtea da aurtengoa. Trintxerpen hasi nintzen jokatzen eta Lagunaken ere aritu nintzen, garai hartan Lehenengo Mailako taldea zena. Gero, 18 urte betetzean, Realean jokatzera igaro nintzen, Ohorezko Mailan.
Zer da zuretzako Reala?
Egia esan, orain zaharrenetakoa naiz, baina taldean sartu nintzenean txikietakoa nintzen eta disziplina horretan sartzea kostatu zitzaidan. Oso jokalari onak ezagutu nituen eta beraiengandik ikaragarri ikasi nuen. Taldea hainbat faseetatik igaro da eta ni sartu nintzen urtean bertan, esaterako, Kopa irabazi genuen. Gero, kategoria galtzekotan egon ginen, baina garai hartan izugarri ikasi nuen. Azken urteetan egindako lanaren fruituak jasotzen ari gara. Iaz bizitako sentsazioa uste dut ez nuela sekula bizi. Finalean sartzea oso garrantzitsua izan zen eta falta zaidan gauza bakarra Liga bat irabaztea da.
Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?
Ez dakit. Orain taldea eta selekzioko lana uztartzen ari naiz. Ez dakit noiz arte jarraituko dudan, baina ez dut uste beste urte askoan izango naizenik. Beste gauza batzuk egiteko gogoa ere badut.
Iaz sekulako arazoak izan zenituzten Bera Berako zelaiarekin. Noizko taldearentzako zelai propioa?
Realak Zubietan zelai bat egiteko asmoa du. Guretzako zelaia izatea beharrezkoa da, baina horretarako Realak Udalaren eta Aldundiaren bultzada behar du.