Ansorena eta Okiñena sarituko dituzte
Jose Inazio Ansorena txistulariak eta Josu Okiñena pianistak irabazi dute aurtengo Donostiako Orfeoia – UPV/EHU saria. Hamargarren urtez banatuko dute saria eta bi helburu nagusi ditu: musika-sortzaileen ibilbide profesionala aitortzea eta musika arloko ikerkuntza bultzatzea. Aurten, gainera, akzesit bat emango dute lehen aldiz eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek jasoko dute, musikaren munduan egin duten lanagatik.
Sariak martxoaren 31n (osteguna) banatuko dituzte, 19:00etan, EHUko Donostiako Campuseko Ignacio Mª Barriola Erakinaren Auditorioan. Ekitaldian hizlari izango dira Jose Maria Echarri, Donostiako Orfeoiko lehendakaria, eta Cristina Uriarte, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea. Ekitaldiaren amaieran Donostiako Orfeoiak bere errepertorio tradizionaleko konposizio batzuk eskainiko ditu.