Euskal Herriko lur maitea, memoriaren soinu bandan zehar egindako musika bidaia
Euskal Herriko lur maitea ikuskizuna egingo dute Kursaalen.
‘Gu gira’ ikuskizunaren bigarren zatia iritsiko da larunbatean Kursaalera. Hamahiru kantari izango dira zuzenean
60ko, 70eko eta 80ko urteetara, memoriaren soinu bandara, egingo dute bidaia larunbatean, Kursaaleko ikusleek. Denboraren makinan sartu, eta garai hartan Euskal Herrian sortutako abesti ezagunenak entzun ahal izango dituzte haien egileen ahotsetan: Aitorren hizkuntz zaharra, Aita semeak, Nire herria bezala…
Naia Robles, Txomin Artola, Pantxoa eta Peio, Erramun Martikorena, Jean Mixel Bedaxagar, Gontzal Mendibil & Xeberri – 35 urteren ondoren berriz elkartuko dira hitzordu honetan-, Gorka Knorr, Urko, Anje Duhalde, Antton Valverde eta Niko Etxartek parte hartuko dute Euskal Herriko lur maitea ikuskizunean. Xabi San Sebastian musikari donostiarra eta bere banda izango dute laguntzaile gisa, eszenatokian. Elkarreko Anjel Valdes ekoizleak 2008an ekin zion garai hartako errepertorioa gogora ekartzeko proposamena prestatzeari. Gu Gira diskoan hainbat musikari bildu eta zuzeneko emanaldia antolatu zuen Kursaalen. Proposamen hark jarraipena izan zuen iaz kaleratutako bilduma bikoitzean, Euskal Herriko lur maitea, eta oraingoan ere kontzertua egingo dute, eszenatoki berean.
Kursaalera itzultzea, plazera Abeslariak gogotsu daude urte haietako kantak berreskuratzeko. Txomin Artola, Urko eta Antton Valverde izan ziren atzo, emanaldiaren aurkezpenean. Artolak 2000. urtean utzi zion zuzeneko emanaldiak egiteari. Gu gira proiektuan parte hartzeko gonbitea luzatu ziotenean ere ezezkoa ematear izan zen, baina azkenean eszenatokira igotzea erabaki zuen, eta «ez naiz damu», aitortu zuen musikariak. «Esperientzia polita izan zen publikoarekin harremana berreskuratzea. Abeslarion artean sortutako giroarekin ere asko gozatu nuen. Kantaldi atsegina izan zen. Kursaalera itzultzea plazera izango da», gaineratu zuen. Antton Valverderen emanaldiarekin hasiko da ikuskizuna larunbatean. Xabier Leteren pieza bat joko du pianoan: «Lete hil zenetik ez dut kantatu, eta ez dakit gai izango naizen. Oso hunkigarria izango da». Azken urteotan desagertu diren beste kantari eta konpositoreen abestiak ere interpretatuko dituzte. Estitxuren ilobak, Naia Roblesek Agur Maria kantatuko du. Mikel Laboa, Lourdes Iriondo edota Imanol gogoan izango dituzte.
Urko gustura ariko da Kursaalen: «Donostian lagunekin jotzea polita izango da. Kamerinoetan ere oso ondo pasatzen dugu. Bakoitzak bere proiektuak ditu, eta ez gara askotan elkartzen, baina oso harreman ona dugu». Donostiarrak, Gu Gira kontzertua ekarri zuen gogora: «Izugarria da ikusleen harrera. Emanaldia hasi eta bukatu arte kantatu egiten dituzte abesti guztiak. Amaitzeko ordua iristen denean ematen du ezinezkoa izango dela eszenatokitik jaistea. Batzutan Boga boga kantatzen bukatu izan dugu, ia errepertoriorik gabe utzi izan gaitu publikoak»».
Anjel Valdesek berak azpimarratu du benetako festa eserlekuetan izango dela: «Hamahiru kantari izango dira bertan, abesti horiek gogora ekartzeko, horiekin batera, garai hura errepasatzeko. Musikaren historia da, azken batean, edo hobeto esanda, gure oroitzapenetan iltzatuta dauden abestien ikuspegitik gure aro modernoko atal garrantzitsu honi begiratzeko modu bat».