Zozketarako txartel bila
Martxoa amaieran egingo den babes ofizialeko etxebizitzen zozketetan izena emateko ilara luzeak osatzen ari dira egunotan Etxegintzako bulego aurrean.Epea hilaren 15ean amaituko da.
Astebete dute zortea tentatuz pisua lortu nahi dutenek Donostiako Etxegintza Enpresa Erakunde Publikoaren zerrendetan izena emateko. Epe amaieraren gertutasunak bultzatuta, Mandasko Dukearen kaleko Etxegintzaren bulegora jendetza bertaratzen ari da egunotan. Horren jakitun, ateak ireki aurretik zain daudenen ilara luzatuz doa goizeko 09:00ak hurbildu ahala. Ordu erdi lehenago bederatzi lagun besterik ez bazeuden, 29 dira pertsiana igotzen hastean.
Lehenak 45 minutuz hotzari aurre egin dio; agiriak eman ondoren irtetean, ordea, ezer gutxirako balio izan diola daki. «Aurrekoan paper bila etorri nintzenean zozketan parte har nezakeela esan zidaten, eta orain diru sarrera nahikoa ez dudala». Hala ere, alde ona aurkitu dio gertaerari. «Hurrengorako datuak jada badituzte».
Joan ezin zuen seme-alabaren agiriak eramatera bertaratutako emakume batek aurreko egunetako jende pilatzea zuen gogoan, zain zegoela. «Aurreko eguneko ilara izugarria ikusita, irekitzerako etorri naiz, goiz jaiki behar izan badut ere». Beharraren isla omen da biltzen den jendetza. «Gazteek behar itzela dute eta babes ofizialeko etxe gehiago egin beharko lituzkete, Andoainen bada ere».
Martxo amaieran zozketatuko diren Puio-Lanberri, Pagola, Morlans , Araotz Etxea, Illarra edota Loiolako Erriberako 428 etxebizitza –274 salgai, 116 alokairuan eta 38 tasatuak– nahikoa ez badira ere, batzuen irtenbidea izango dira. Alokairurako aukera izateko, 3.000 eta 35.000 euro arteko diru sarrera behar da. Erosteko, berriz, 9.000 eta 35.000 euro artekoan, eta tasatuetan, 12:000 eta 45.000 euro artean.


