Eskolara oinez joatea, auzoz auzo errotzen ari den ohitura
Txirrina jotzeko minutu gutxi falta da eta umeen zalaparta handia da Zuhaizti eskola inguruko kaleetan. Azken bi asteetan, gainera, handia izan da batetik eta bestetik oinez joandako umeen kopurua, Eskola Bidea ekimena jarri baitute Grosen abian. Gurasoen laguntzarik gabe, haurrak eskolara bakarrik joateko ohitura sustatzeko helburua duen egitasmoak izan duen harrera ona ikusita, udaberrian errepikatzea adostu dute. Eguraldia epeltzen hasten denean, beraz, bidea gurutzatzen laguntzen duten borondatezko zortzi guraso, adi-adi igaro beharreko guneetan kokatuko dira berriz.
Haurrak bere kasa eragozpenik ibil daitezen, Eskola Bidea egitasmoa sustatzen duen Mugikortasun sailak beharrezkoak diren neurriak hartu ditu, ibilbideak errazteko. Hala nola, Mirakruz kalean, Miserikordia kalearen aurrean dagoen semaforoaren iraupena luzatu dute, oinezkoek igarotzeko denbora gehiago izan dezaten.
Eskola Bidea programaren ardura duen Isabel Prietok azaldu duenez, hamaika dira haurrek oinez lasai joateko izaten dituzten trabak. «Nagusietako bat espaloien okupazioa da, baita autoen abiadura ere. Eskolara doazen gurasoek espaloi gainean uzten dituzte autoak, eta puntako orduetan oso arriskutsua da; hain arriskutsua, hainbatetan istripuak ere gertatu direla». Zebrabideetan ere izaten dira ezbeharrak, horregatik, semaforoak jarri edota autobus geltokiak lekuz aldatu dituztela dio Prietok.
Eskola Bidea egitasmoan, honenbestez, gurasoen parte hartzea ezinbestekoa da, boluntarien lanagatik bakarrik ez, haiei baitagokie eguneroko ohiturak aldatzea.
2003. urtetik
Grosen baino lehen, Altzan nahiz Intxaurrondon egin du egitasmo honek bidea. Lehen pausoak 2003an eman zituztela zehaztu du Prietok. Hala, Herrera, Oleta eta Altzako eskolekin lanean bost urte daramatzate. Martuteneko Arantzazuko Amarekin ere urteak dira hasi zirela, eta Intxaurrondon, hastapenetan daude. Eskola Bidea egitasmoko arduradunak gogoratu bezala, beste auzo batzutan ere oinezko ibilbideak sortzeko ekimenak egin dituzte, proba pilotuak. Horretaz gain, eskolek ere, bere kasa, jarduera zehatzak egiten dituztela adierazi du.
Ekimena garatzen duten Europako beste hiri batzuen artean, Donostia buru dela azpimarratu du Isabel Prietok, halaber.