Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak baserrien babesa eskatzeko kanpaina abian jarri du, lehen sektorearen garrantzia nabarmenduz
Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE)
Euskal Herria osasuna galtzen ari da kanpaina abian jarri zuen urtarrila amaieran. Honen bidez, herritarrak ohartarazi nahi dituzten baserritarrek euskal gizartearentzako duten garrantziaz. Helburu horrekin, 40 bat traktorek osatutako ilara Beasaindik Bulebarreraino ekarri zuten. Joan den ostiralean, aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin eta baserri lurrak babesteko eskakizuna aurkeztu zuten Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan.
Izan ere, Gipuzkoan artifizialdutako lur eremua %8,1ekoa da Eustaten arabera, hau da, Europako batez bestekoa baino zazpi aldiz handiagoa; ehuneko hori Donostiako udalerrian are altuagoa izanik. Hori dela-eta 1.250 hektarea lur artifizialdu nahi duen Donostialdeko Zatikako Lurralde planari alegazioa aurkeztu diote EHNEko kideek. Idazkian jaso dutenez, «azpiegitura eta ekipamendu guztiak logistika indartzera bideratzen dira, lehen sektoreari eraginez, lur egokiak gutxitu eta geratzen direnen kalitatea murriztuz». Etxebizitzak egiteko eta jarduera ekonomikoetarako aurreikusten diren lur eremu gehienak, baserri erabileretarako dira egun. Besteak beste, estrategikotzat jotzen diren Zubietako eremuan edo Urumeako korridorean nekazaritza esplotazio ugari daude.
Egoera honen atzean, azpiegiturak eta hirigintza omen daude. «Aldian-aldian egiten dituzten azpiegiturek baserri lurrak harrapatzen dituzte, baserritarren bizimodua zuzenean eraginez. Batzuk itotzeraino, lurrik gabe ezin delako nekazaritzarik egin, eta beste batzuk, gehiago edo gutxiago kaltetuz», ohartarazi du EHNEko lehendakariode Eneritz Otamendi igeldotarrak. Beste jarduerek lehentasuna izateak alor bakoitzean duen eragina ezagutarazteko hainbat ekintza egingo dituzte datozen asteetan. Esaterako, «bertako ekoizpen eta kontsumoari buruzko datuak, sektore bakoitzaren arazoak agerian utziko ditugu. Arazo horiek gizarte osoarenak ere badira», aipatu ditu igeldotarrak.
Paisaia babestu, lurra landuz
Osasuna galtzearekin paisaiaren kaltetzea lotzen dute ere.«Igeldoko zonalde honetara hiriko horrenbeste jende etortzen da paseatzera eta inguruneaz gozatzera. Baserritarrik gabe gune hau ez litzateke horrela egongo, arazoaz konturatuko ginateke». Paisaiarekin batera, elikaduran eragina izango luke nekazari eta abeltzainen desagertzeak. «Produktu fresko eta osasungarri horiek eskuratzeko aukerarik gabe geldituko lirateke donostiarrak. Donostialdean baserritar asko daude, jende asko dagoen ingurunea denez, gure produktuak saltzeko aukera dugulako». Daudenen biziraupena ziurtatzeko eskatzeaz gain, erabili gabeko lurra badagoela gogoratu du Otamendik. «Bertatik bizi nahi duen edonoren eskura jarri beharko litzateke lur hori, harta gizarteak ere onurak jasoko dituelako.