Asier Oruesagasti gaztea Dar dar konpainiaren Etzi ikuskizunean izango da Antzoki Zaharrean.
Asier Oruesagasti aktore donostiarra.
Dar-dar konpainiak ‘Etzi’ ikuskizuna aurkeztuko du astebukaeran, Antzoki Zaharrean. Down sindromea duten pertsonen eta haien senideen bizitza erakutsiko dute eszenatokian.
25 urte bete berri ditu Asier Oruesagastik (Ategorrieta, 1986). Aktore gaztea zineman, La maquina de pintar nubes; telebistan, Goenkale; eta antzerkian, Ahuntza edo nor da Silvia? ikusi dugu jada. Larunbatean eta igandean Karlos Linazasororen Etzi ipuinaren antzerkirako egokitzapenean izango da Antzoki Zaharrean. Down sindromea duen Gorka Zufiaurre aktorearekin batera izango da eszenatokian. Anaiak izango dira. Haiekin batera izango dira eszenatokian, ‘aiton amonak’, Jose Ramon Soroiz eta Pilar Rodriguez antzezleak.
Nolako harremana duzu Brunorekin, Gorka Zufiaurreren pertsonaiarekin?
Elkar asko maite dute, izugarri. Nire pertsonaia, Mattin, bere adineko gazteak baino helduagoa da, anaiaren egoerarengatik behartuta, nolabait. Halere, harreman oso berezia dute. Ezin dute bata bestea gabe bizi. Tolosan egin genuen emanaldiaren ondoren, bertako herritar batek idatzi zidan Facebook bidez. Bere anaiak ere Down sindromea du eta eszenatoki batean errealitate hori erakutsi izanagatik eskerrak eman zizkidan. Familia horiek hor daude, baina normalean ez dira ikusten, edo ez dira erakusten. Bere burua nire pertsonaian islatuta ikusi zuen, eta esaldi horrekin bakarrik hunkitu egin nintzen. 12 eta 14 urte bitarteko haur baten larruan sartu naiz, eta sinesgarri egiten saiatu naiz. Profesionalki nire lana lortu dudala sentitzen dut. Zuzendariak berak esan zidan aktore lan indartsuena, pertsonaiara hurbiltzeko kasuan, nire gain egon dela, eta badirudi lortu dudala.
Zer moduz moldatu zara Gorka Zufiaurrerekin?
Kastingean ezagutu nuen. Bat bateko maitemina izan zen. Inprobisazio batean sartu ginen, eta proba amaitzean zuzendaria eta biok elkarri begiratu genion:‘bera da’, pentsatu genuen. Ez genuen beste inor bilatu beharrik. Down sindromea du, baina maila baxu batean, nolabait esateko. Lanerako sekulako prestutasuna erakutsi du. Gu ere gustura joaten ginen lanera berarekin. Bere energia ikusten genuen egunero, orduro. Berak erakusten zuen ilusioagatik bakarrik lan egiteko gogoa ematen zigun.
Down Sindromea duen mutiko bati buruzko ohiko istorioa izango dela pentsa dezakete ikusle batzuek…
Istorio errealista da. Obrak horrelako familia batengana gerturatzen du publikoa. Ez da bakarrik Down sindromea duen senideren bat duen publikoarentzat. Ezta gutxiago ere. Jendea konturatu egin behar da horrelako familiak daudela, eta edonori gerta dakiokeela. Egoera hori nola bizi duten erakusten dugu, eta ez dutela arazorik ikusten da. Nahi ez badugu, ez da arazo bat familiako kide batek down sindromea izatea. Drama ukitua du, baina aldi berean komedia bat da. Batez ere Gorka Zufiaurre eszenatokian agertzen denean. Jendeak barre egiten du, edo irribarrea sumatzen zaie aurpegian. Berak daukan kolorea eta energia desberdina delako. Obraren tonua gris kolorekoa da, bera agertzen den arte. Kolorea berak eramaten du eszenatokira. Argia piztu egiten du eszenatokian. Bera falta denean sumatzen da tristura eta ezinegona.
‘Goenkale’ telesailean, Kevin-en pertsonaiarekin egin zinen ezaguna.
Bost urte egingo ditut abenduan. Hasi nintzenean horrenbeste iraungo nuela jakin izan banu, momentuan bertan sinatuko nuke. Polita da kaletik joan eta, ‘Goenkalen ikusi zaitut, oso ondo egiten duzu’ bezalakoak entzutea. Azken batean, ikusleentzat ari zara lanean, audientziarentzat. Kevinek gainera ikusleen maitasuna lortu du. Urteotan neure burua ezagutzera emateko ez ezik, hainbat ate zabaltzeko aukera ere eman dit telesailak. Etzi Dar-dar konpainiarekin egin dudan bigarren lana izan da hau. Lehena haurrentzako obra bat izan zen, Eta zer? Karlos Linazasororen ipuina irakurtzeko eskatu zidaten. Oso hunkigarria da. Oso orri gutxitan asko kontatzen duen ipuina da. Hura irakurtzean ulertu nuen zergatik egin nahi zuten obra hau. Txalo konpainiatik ere deitu zidaten ‘Ahuntza edo nor da Silvia?’ obran parte hartzeko. Nire lehen antzezlan profesional serioa izan zen. Plazera izan zen hura egitea. Asier Hormaza, Ane Gabarain edota Ramon Agirre aktoreekin, gainera. Bigarren lan serioa hau da. Oso txikitatik ezagutu ditudan aktoreekin lan egin ahal izan dut profesionalki. Nolabaiteko ametsa lortu dudala iruditzen zait. Oso pozik nago.
Zurriola Ikastolan, antzerki eskolan hasi zinen aktore lanetan…
Bederatzi urterekin hasi nintzen bai. Hamabi urtez izan nintzen eskolan. Donostiako TAEn ere ikasi izan dut, Pausokak antolatutako lantegietan… Gurasoek esaten didate txikitatik izan dudala antzezteko grina barruan. Zerbaitek eskatzen zidan interpretazioa egitea. Antzerkian, zineman eta telebistan lan egitea lortzea ere beste amets bat izan da! Pixkanaka lortu dut, ezin dut gehiago eskatu.
Antzerki eskolatik telebistara… Nola bizi zenuen aldaketa hura?
Ander eta konpainia izan zen nire lehen lana telebistan. 14 urte nituen orduan. Ez nintzen ohartzen errealitateaz. Ustekabean, kasting bat egin nuen. Eta bat batean, plato batean ikusi nuen neure burua, kamera, aktore eta argiz inguratuta… Ordu arte eszenatoki txiki batean, ikastolan eta guraso eta lagun artean antzeztera ohituta nengoen. Zineman ‘Sin remite’ film laburrean parte hartu nuen, eta hari esker lortu nuen ‘Skizo’ pelikulan parte hartzea. Ondoren iritsi zitzaidan ‘La casa de mi padre’ eta ‘La maquina de pintar nubes’ pelikuletan parte hartzeko aukera.
Zein proiektutan ikusiko zaitugu aurrerantzean?
Telebistako erritmoa oso bizkorra da, gogorra da, baina orain lasai nabil. Aktore bezala bizi ahal izateko telebistak ematen du babes ekonomiko seguruena. Antzerkia, tamalez, ez dabil momenturik onenean. Emanaldiak badira, baina… Dar Dar konpainiarekin ez ezik Biarritzeko Chimere taldearekin haurrentzako lan batean ari naiz lanean. Vaiven Producciones-ek luzatu dit proposamen berri bat. Bideo didaktiko bat grabatuko dugu gazteentzako. Sexuari buruzkoa izango da.
Antzerkia, zinema, telebista… Zein bide gustatzen zaizu gehien?
Nik uste dut aktore batek antzoki batean, taula gainean eta jendaurrean ikasten duela. Publikoaren erreakzioak desberdinak dira antzerkian. Telebistan edo zineman ez dakizu txiste batek edo egoera batek ondo funtzionatuko duen. Antzerkia, aldiz, bat batekoa da. Erantzuna momentuan lortu eta ikusten duzu. Oso majikoa da. Eta funtzionatzen ez badu, aldaketak egin ditzakezu. Ziur aski antzerki giroan hasi nintzelako pentsatzen dut horrela. Taula gainean hazi naiz pertsona eta aktore bezala. Asko ikasi dut antzerkia egiten eta ikusten. Antzerkia oso berezia da niretzat.
Asier Oruesagasti eta Jose Ramon Soroiz aktoreak.
Larunbatean eta igandean izango da Dar Dar konpainia Antzoki Zaharrean. Emanaldiak 20:00etan izango dira. Sarrerak 15 eta 18 urotan daude salgai.