14.200 tonako puzzlea
Ausazkoak eman dezaketen arren, zehaztasun handiko lanak egiten ari dira asteotan Mollaberria sendotzeko. 2008ko itsas kolpearen ondoren, kaiko arduradunek portuaren kanpoko aldea berrindartzeko beharra ikusi zuten, olatuak kirol dartsenan dauden ontziak ondoratzera iritsi zirelako.
Abenduaren erdialdean hasi zen sendotze lanetan Amenabar enpresa. Egindako azterketak kontuan hartuta, 14.200 tona harri jarri beharko zituztela erabaki zuten teknikariek. Horietatik 4.200 tona harri xehea izan dira, eta gainontzekoak, hau da, 10.000 tona, bloke formadunak. Harri horiek guztiak, Markinatik errepidez ekarri dituzte eta bertako mendietako materiala izango da portuaren babeslea.
Harriak murruaren kontra pilatzea besterik ez dagoela iruditurik ere, hori ez da horrela. 14.200 tonako puzzlea osatzearen antza handiagoa dute lan hauek. Hain zuzen ere, bloke bakoitzak bere identifikazio zenbakia du gorriz margotuta. Serie zenbaki horren bidez, garabiaren gidariak piezak non jarri behar dituen jakiten du, arduradunek emandako aginduak segituz.
«GPS-arekin kokatzen ari da bloke bakoitza, banan-banan. Eta ez bakarrik tokia, zein posiziotan jarri behar duen esaten diote, eta berak hala jartzen du. Gipuzkoako gruistarik onena da!», goraipatu du lankide batek garabiaren gidaria. Harriak ez dira doan aterako, 14 milioi kilo aitz horiek Markinatik Easo Ederrera ekartzeko lanek 735.000 euroko kostua izango baitute.
Bizpahiru astetan bukatuko dute puzzle erraldoia. Ordurako, eta uhartearen kontra jo ondoren, Mollaberria bete-betean jotzen duten olatuek indarra galduko dute, jarritako harrien ondorioz. Itsaso eta hiriaren arteko borrokan, mendi puxketak izango dira Donostiaren aliatuak. Hori bai, den denak, beraien tokian zehaztasun handiz jarriak, harrizko puzzlearen legez.