Elkarrekin eginda, errazago
ONCEren Nazioarteko Argazki Lehiaketa.
ONCEren Nazioarteko Argazki Lehiaketako irudi onenak Kutxa Boulevard aretoan izango dira igandea arte
Herbeheretako Klaas P. Shiper argazkilariak irabazi zuen lehen saria iaz. Minbizia dela eta bere emazteak sufritutako urritasun fisikoa eta hark aurrera egiteko erakutsitako indarra irudikatu zuen. Aurten, Madrilgo Javier Arcenillasek eskuratu du lehen postua. Pianoa jotzen ikasten ari den mutiko bat irudikatu du. Pertsona bat du bere aldamenean, laguntzen ari zaio. Denontzako izango den mundua lortzeko beharrezkoa den ahalegina islatzen du ONCEren ustez, «gizarteari eskatu nahi diogu laguntza, eginkizun honekin bat egin dezan».
Hamar urte bete ditu ONCE Euskadiren Nazioarteko Argazki Lehiaketak. 2001ean antolatu zuten lehen ekitaldia. Argazkilariek urritasun fisikoren bat duten pertsonen borroka eta esfortzua irudietan islatzea nahi zuen erakundeak. Bi urte beranduago, lehiaketa Europara zabaltzea lortu zuen, eta iaz, mundu osora, Nazioarteko Argazkigintzaren Federazioari esker. Orduz geroztik hogeita hamar erakusketatik gora egin dituzte ekitaldi desberdinetako irudiekin EAEn. Eta milatik gora parte hartzaile izan dira hamar urteotan.
Egunero-egunero hainbat pertsonek urritasun fisikoa nola gainditzen duten erakusten dute. Batzuk euren egunerokoa erakusten dute: lantokian, dantzan edota ikuskizun bateko ikusle gisa irudikatu dituzte, esaterako. Beste batzuek, hainbat kirol jardueratuatan egin dituzte argazkiak, muga fisikoak gainditzeko egiten duten esfortzua islatzeko. Badira ere, irudietako protagonistek euren egunerokoan aurrera egin ahal izateko aurkitzen dituzten oztopoak salatzen dituztenak ere.
‘Denentzako mundua’, ezintasunak gainditzea izenburuarekin iritsi dira Donostiara, Kutxa Boulevard aretora, lehiaketako irudi onenak, berrogeita hamar guztira. Igandea arte izango da zabalik.