Ainhoa Olarra golf jokalaria (argazkia: Estitxu Zabala)
Lau txandatan parte hartu du Espainiako Bakarkako Txapelketan Ainhoa Olarrak (Gros, 1995) eta, sekula irabazi ez duen arren, hainbat proba puntuagarrietan garaile izan da. Iaz, Espainiako Heldu eta Jubenil mailako lehiak irabazi zituen. Udan, British Openeko final laurdenetara iritsi zen, gero, Espainiako Bikote Mistoetako Txapelketa irabazi zuen, baita Lau Nazioetako Txapelketa ere. Txapelketaz txapelketa ibiltzen den arren, Donostian harrapatu du
Irutxuloko Hitzak eta bere esperientziaren berri izan du.
Iaz Espainiako Bikote Mistoetako Txapelketa irabazi zenuen Juan Francisco Sarastirekin batera. Nolako esperientzia izan zen?
Lehenengo aldiz antolatu zuten eta irabaztea polita izan zen. Nire bikotea hemengoa da eta ezagutzen nuen, baina Madrilen bizi da ikasketengatik. Beraz, txapelketa baino lehenago joan behar izan nuen, berarekin entrenatzeko. Txapelketan jokalari onak zeuden, baina oso ongi jokatu genuelako irabazi genuen.
Lau Nazioen txapelketan ere lehiatu zinen, Gironan. Taldean jokatzea zailagoa da?
Txapelketa hori ere mistoa izan zen, goizez taldekakoa eta arratsaldez, bakarkakoa. Atzerriko jende asko zegoen eta hizkuntza asko entzuten ziren. Nire taldeko guztiak ezagutzen nituen eta hiru euskaldunak ginen. Ezagutzen ginenez, ez genuen arazorik izan. Oso giro ona daukagu gure artean.
Gazte Kirolari Talentudunak talderako hautatu zintuen Aldundiak abenduan, beste hamabi kirolarirekin batera. Laguntza garrantzitsua da, ezta?
Bai. Ikasketetarako laguntza ematen digute, baina hori bagenuen lehenagotik ere. Bestela, laguntza psikologikoa ere izan dezakegu. Kirolaren arabera, diru laguntza bat ematen digute. Golfean, esaterako, txapelketa batek bi egun iraun ditzake, baina entrenatzeko lehenago joan behar zara. Beraz, aste osoa kanpoan pasatzeko dirua behar duzu.
Txapelketak direla eta, asko bidaiatzen duzu, nola daramatzazu ikasketak?
Laster azterketekin hasiko naiz eta kanpoan nagoenean gaizki moldatzen naiz ikasteko. Goizeko 7etan jaikitzen naiz eta hotelera itzultzean, dutxatu, afaldu eta ez dut ezertarako gogorik izaten. Gaueko hamarretan ez dut ikasteko ez gogorik ez indarrik ere.
Bidaiatzera ohitu zara?
Aspalditik nabil lehietan, baina hamabi urterekin hasi nintzen kanpora bidaiatzen. Beraz, laugarren urtea da hau. Dagoeneko ohitu naiz.
Nola antolatzen duzu zure agenda?
Urtea hastean nire amak beti egutegi bat egiten dit. Urte osoko txapelketak jartzen dizkit bertan eta nire ikastolako tutoreari ere kopia bat ematen dio. Hala ere, kanpora noan bakoitzean tutoreari abixatu behar diot. Txapelketa gehienak udaran izaten ditut eta asko entrenatu behar izaten dut.
Norekin joaten zara txapelketetara?
Aurreko urtera arte, batzuetan gurasoekin joaten nintzen eta beste batzuetan, Euskadiko Federazioarekin. Aurten, berriz, Blume eta Espainiako Federazioarekin nago. Blume kirolarientzako Madrileko ikasle egoitza bat da eta beraiekin moldatzen naiz.
Zenbat urterekin hasi zinen golfean, gogoratzen dituzu lehen urteak?
Orain Basozabaleko kidea naiz, baina Goiburun hasi nintzen, Andoainen. Egun batean, zazpi urte nituela, anaia eta gurasoekin golfean jolastera joan nintzen, probatzeagatik. Gustatu egin zitzaigun eta klubeko bazkide egin ginen. Golfean jokatzera joatea familiako igandetako plana bihurtu zen. Anaiak orain gutxiago jokatzen du, ingeniaritza ikasten ari baita.
Kirol gehiagotan aritu zara?
Txikitan saskibaloia asko gustatzen zitzaidan eta balletean ere ibiltzen nintzen. Saskibaloia eta golfaren artean zalantzan ibili nintzen, baina nire ikastolan ez zegoenez saskibaloi talderik, golfean jarraitu nuen.
Golfean aritzea oso gogorra da?
Nire gurasoek asko laguntzen didate, baina asteburu honetan adibidez ezin izan dut nire lagunekin egon. Gauza batzuei ezetz esan behar izaten diet, baina pozik nago. Batzutan etxean ea esfortzua gehiegizkoa ez ote den esaten didate. Baina hau nire erabakia izan da eta nahi dudalako ari naiz, gurasoek ez naute sekula behartu.
Donostian zaudenean asko entrenatu behar izaten duzu?
Ia egunero entrenatzen dut. Astean zehar, ikastolatik ateratzean ordu eta erdi ematen dut jokatzen, segituan argirik gabe geratzen garelako. Baina astean hirutan gimnasiora joan behar izaten dut. Eta igandeetan askotan amarekin joaten naiz jokatzera.
Aurten ere ekin diozu Ligari.
Urtarrilan izan nuen txapelketa bat eta nire kategoriako bigarrena izan nintzen.
Zein da aurtengo helburua?
Iazko denboraldia oso ona izan zen eta badakit errepikatzea oso zaila izango dela. Baina gutxi gora-behera halako zerbait egitea gustatuko litzaidake.
Aurrera begira zer duzu buruan?
Etxean esaten didate eta nik ere badakit ikasketak direla garrantzitsuena. Dena ongi baldin badoa, golf profesionala behintzat probatzea gustatuko litzaidake, baina ikasketak aurretik doaz.