Irudiak irakurtzeko erakusketa
Gipuzkoako ilustratzaileen lanak bildu dituzte erakusketa batean Okendon.
11 irudigile gipuzkoarrek haur eta gazte literaturan egindako lanak bildu dituzte Okendo kultur etxean. Martxoaren 26a arte izango dira ikusgai
Belaunaldi eta estilo desberdinetako ilustratzaileen lana bildu dute Okendo kultur etxean. Antton Olariaga edota Iñaki Martiarena Mattin beteranoen irudiak Maite Gurrutxaga gaztearenak daude ikusgai. Gipuzkoako marrazkilariek haur eta gazte literaturan egindako lana islatu nahi izan dute erakusketa honetan. Galtzagorri elkarteak parte hartu du proiektu honetan: «Ukaezina da haur eta gazte literaturaren produkzioan irudiek duten garrantzia».
Ilustratzaile bakoitzak liburu bat aukeratu, eta bertan egindako hiru marrazki zintzilikatu dituzte. Aitziber Alonso donostiarrak Yolanda Arrietaren Agur Ama liburuko ilustrazioak aukeratu ditu. Denbora luze eman du Artelekun lanean. 1999an ‘Talaia’ aldizkariarentzat egindako irudiak izan ziren haren lehen lana. Elena Odriozolak Pablo Nerudaren ‘Oda a una estrella’ liburuarentzako egindako ilustrazioak edota Iñaki Martiarenak Xabier Mendigurenen ‘1002. Gaua’ argitalpenerako sortutakoak ere daude ikusgai, besteak beste. Jokin Mitxelena, Antton Dueso, Concetta Probanza, Iban Barrenetxea, Lorena Martinez eta Patxi Pelaezek osatzen dute zerrenda.