Kutxa Kultur Gipuzkoako sortzaile gazteen oholtza bihurtuko da aurten ere
Kutxa Kultur ekimenaren bigarren ekitaldia abian da.
Moda, lantegiak, zinema, erakusketak, musika… Iaz, Kutxa Kultur ekimenak hainbat gazte sortzaileren sormena eta lana erakutsi zuen Gipuzkoan zehar. Aurten ere aurrera egingo du hurrengo hilabeteetan haien oholtza bihurtuko den jaialdia. Diziplina eta eduki izango ditu, eta egun gehiago iraungo du gainera.
Musika izango da apusturik handiena. Talde edota bakarlari hasiberrien alde egingo dute. Deialdia egin dute izena eman eta lehiaketan parte hartzeko. Aurkezten diren partaideen artean gutxienez hamar aukeratuko dituzte. Lehiaketa baino, erakustaldi izatea nahi dute antolatzaileek. Hainbat eszenatokitan jotzeko aukera izango dute. Lehen fasean, martxoa eta maiatza bitartean, Gipuzkoako taberna eta klubetan izango dira. Bigarrenean, berriz, Mundumira, Jazzaldia, Olatu talka edota Hondarribia Blues jaialdian. Ken Zazpik, Benito Lertxundik eta Bide Ertzeanek maiatzean aurreikusita dituzten zuzenekoetan ere bai. Hirugarren fasea urrian iritsiko da. Kutxa Kultur-en Facebook orrialdean boto gehien lortzen dutenek nazioarteko izar handiekin batera jotzeko aukera izango dute. Anoeta Belodromoan, urriaren 14an, eta Kursaal Auditorioan, urriaren 28an.
Bigarren urtez moda erakustaldia eta film laburren lehiaketa prestatuko dituzte. Donostian egingo dituzte biak ala biak. Film laburrena, maiatzaren 21ean eta 22an. Parte hartzaileek asteburu bat izango dute film laburra egiteko. Modarena, berriz, urrian iritsiko da. Komiki eta narrazio-argazkigintzako lehiaketa dira deialdi berriak.
Gaztekutxa.net atarian eta Kutxa Kultur-en Facebook-eko orrialdean daude izena emateko argibide guztiak.