Martxoa hasieran zabalduko dute Egiako osasun etxe berria
Osasun etxea aspaldiko aldarrikapena da. Hori frogatzeko kronologia begiratzea besterik ez dago, 2003an, puri-purian baitzegoen Egiako osasun etxea lekuz aldatzeko eztabaida. Urtetako joan-etorrien ondoren, agintariak Ametzagainako egoitza berria inauguratzera joateko moduan dira, osasun etxea prest baitago jada. Bingen Uriondo Egiako osasun etxeko arduradunak Irutxuloko Hitzari aurreratu dionez, martxoaren hasierarako bertan egoteko moduan egongo dira.
Egoitza berriarekin langileek nahiz gaixoek «arnas hartuko» dutela adierazi du Uriondok. Eraikin erosoagoa izateaz gain, egungoa baino argitsuagoa eta koloretsuagoa dela azpimarratu du; horregatik, erabiltzaileek aldaketa nabarituko dutela plazaratu du. Osasun etxeko arduradunak, dena den, bertara joaten diren auzotarrak ekipamendu zaharrarekin pozik direla onartu du, berriki egin duten galdeketa batean, osasun etxea nahiko ondo zegoela baitzioten erabiltzaileek.
Antolaketan eta lan egiteko moduan aldaketarik izango ez den arren, sartu bezain laster nabarituko dute egiatarrek aldaketa. Elbarriek edota aiton-amonek inongo trabarik ez dutela izango aditzera eman du Uriondok, lehenik eta behin. Era berean, harrera mahaia ez da egungoa bezain altua izango eta denek norekin hitz egiten ari diren ikusteko aukera izango dutela erantsi du.
Horretaz gain, itxaron gela erosoagoa izango dela eta edozein oharren berri izateko, informazio pantailak jarri dituztela jakinarazi du osasun etxeko arduradunak. Erabiltzaileez gain, sendagile eta gainontzeko langileek ere kontsulta gelak zabalagoak direla nabarituko dute, eta zaharrean ez bezala, argitasun handia dutela ohartuko dira. Egungo kontsulta geletan bi lagun baino gehiago badaude mugitzeko arazoak dituztela adierazi du Uriondok.
Eguzki printzak igarotzen lagunduko duten leiho eta zabalguneekin batera, lorategi ingles bat atondu dute.
1.250 metro koadro
Ametzagaina kaleko egoitzak 1.250 metro koadro izango ditu, egungoak baino 750 metro koadro gehiago. Hori dela eta, jarduera anitzetarako gela egokitu dute, baita bilera gela txukun bat ere. Gela hau liburutegi gisa erabiltzeko aukera izango dute, gainera.
Horrekin batera, Tejeriako egoitzan gela bakarrean pilatuta zeuden hainbat zerbitzuk bere gela izango dute Ametzagainan. Larrialdiak artatu, sendaketak egin edota odola ateratzeko, betebehar baikoitzak bere gela izango du aurrerantzean.
Honenbestez, datorren hilabetetik aurrera Tejeria kaleko eraikina hutsik geratuko da. Buru osasunerako zentru bilakatuko dutela zehaztu du Bingen Uriondo arduradunak.
KRONOLOGIA:
- 2003ko martxoa. Udalak mahai gainean jarri zituen bi aukeren artean, Ametzagainaren behealdea eta Polloe ingurua, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak Ametzagaña aukeratu zuen.
- 2005eko otsailaren 12a. Egiako gazte asanblada eraikinean sartu eta jarduerak egiten hasi zen. Eraikina aspaldi utzita zegoen.
- 2005eko otsailaren 22a. Udalbatzak Plan Orokorra aldatzea adostu zuen. Eraikin zaharraren lekuan osasun etxea eta hamaika etxebizitza egiteari argi berdea eman zion.
- 2005eko urriaren 26a. Amets Enea gaztetxea lurrera bota zuten.
- 2010eko otsaila. Osasun etxea eraikitzen hasi ziren.