Etxez etxeko laguntzaileek lanuzte berriak iragarri dituzte
Etxez etxeko laguntzaren udal zerbitzuko langileek lanuzte berriak iragarri dituzte. Lehena hilaren 15ean egingo dute, eta horren ondotik, hilaren 25ean; martxoaren 7an, 17an eta 25ean; eta apirilaren, 20an, 23an, 26an eta 29an. Zerbitzua kudeatzen duen CLECE enpresarekin duten gatazka apirilaren 30etik aurrera luzatuz gero, greba mugagabea izango dela ohartarazi dute langileen ordezkariek.
Martxoan urtebete izango da lan ituna iraungi eta negoziazio mahaia abian jarri zutenetik, baina orain arteko elkarrizketek ez dute emaitzarik izan. Enpresaren eskaintza 2005ean zin egin zitzaienetik urrun dagoela eta orain arteko “miseria eta prekariotasuna” luzatu besterik egiten ez duela diote sindikatuetako ordezkariek. Izan ere, zerbitzuan lan egiten duten 400 lagunen – oro har, emakumezkoak– soldata “azpikontratatutako udal enpresetako langileena baino %25 txikiagoa eta Gipuzkoako etxez etxeko laguntzaileen artean baxuena da”. Hori horrela, gainontzeko azpikontratatutako zerbitzuen soldata eta lan baldintzak exijitzen dituzte, akordioa erdiesteko gutxienezko baldintzatzat ondokoak zehaztuz:
- Asteko 35 orduko lanaldia
- Lanaldien ordenatzea, ordaindutako atsedenaldia izateko
- Antzinatasuna-saria: 55 euro bost urtean behin
- Astegunetako lanaldia. Asteburuetarako kontratu bereziak
- Gutxienez, 25 orduko lanaldia
- Lanaldi etena dutenentzako saria. Soldataren oinarriaren %10ekoa