Iglesiasek eta Garaik Goya sari bana eskuratu dute
Goya sari baten jabe egin ziren Alberto Iglesias eta Urko Garai, atzo gauean. Izan ere, Espainiako zinemaren sariak banatu zituzten Madrilen eta sarituen artean bi donostiarrak egon ziren. Alberto Iglesiasek musika originalenaren atalean irabazi du Goya, También la lluvia filmaren lanagatik. Urko Garai, berriz, soinu onenaren atalean nagusitu da, Marc Orts eta James Muñozekin batera, Buried filmarekin.
Nazioarteko hainbat filmeratarako musika konposatu du Iglesiasek eta Goya sarietan klasiko bat bihurtu da dagoeneko, 1992an lehen aldiz hautagaia izan zenetik. 1993an irabazi zuen lehen Goya, La ardilla Roja filmerako egindako lanagatik. Ordutik, beste zortzi Goya ere eskuratu ditu. Oscar sarietan, berriz, bi aldiz hautagaia izan da, baina oraindik ez da saritua izan. Lorezain leiala (The Constant Gardener) filmerako egindako lanagatik izan zen Oscarretarako hautagaia lehen aldiz, 2005ean.
Garai donostiarra den arren, ia 20 urte daramatza Bartzelonan bizitzen eta Buried filmarekin estreinatu da zineman, soinu zuzendari postuan. Izan ere, hamalau urte eman ditu Dani Fontrodonarekin lanean mikrofonista gisara, Pelotas telesailean soinu zuzendari bezala hasi zen arte.