Judas Arrietak bi artista hartuko ditu Beijingen
Euskal artista bekadunak Txinan. Judas Arrietaren MA estudioan lan egiteko aukera izango dute hautatuek.
Juan Aizpitarte, Isabel Herguera, Iñigo Salaberria, Aitor Lajarin… Judas Arrietaren Beijingo MA estudioa ezagutu duten euskal artisten zerrenda luzea da. Hiru urte eman ditu sortzaile gazteen proiektuak Txinan zehar zabaltzen. Hirugarren deialdia aurkeztu berri du Arrietak. Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz prestatutako beka programa da. Aurten bi hautatuko dituzte partaide guztien artean. Bi hilabetez haren estudioan lan egiteko, eta deialdian aurkeztutako proiektua egiteko aukera izango dute hautatuek, abuztuaren 1a eta irailaren 30a bitartean. Martxoaren 20a arte zabalik izango da proiektuak aurkezteko epea. Mangaartstudio@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte hautagaiek ondorengo dokumentazioa: Txinan landu nahi duten lanaren zirriborroa pdf formatuan, curriculum vitaea, portfolioa, datu pertsonalak eta errolda agiria.
Beka lortzen duten hautagaiek artista eta arte ikasle txinatarrak ezagutu, Beijing hirian zehar ibili eta bertako arte eszena ezagutu ahal izango dute. Bukaeran, gainera, erakusketa antolatu ahal izango dute MA estudioan bertan.
Juan Aizpitarte eta Isabel Herguera artista donostiarrak izan ziren lehen bekadunak. Herguerak animazioaren inguruko proiektua landu zuen, eta Aizpitartek, berriz, grafitiaren ingurukoa. Arrietak berak aitortu du ez dela erraza Txinan leku bat aurkitzea, «300.000 artista txinatar daude euren lana ezagutzera emateko irrikitan». MA estudioaren helburua azken batean «euskal artistaren sherpa modukoak izatea da. Lehen, aldiz, erakusketak egiteko espazioak bilatzen ematen genuen denbora gehien. Txina eta Euskal Herriaren arteko zubia izaten jarraitu nahi dugu nolabait». Aurrerantzean artista txinatarrak Euskal Herrira ekartzeko asmoa duela adierazi du Arrietak. Hautagaiak aukeratzeko epaimahaia,, gainera, egile txinatarrek ere osatzen dute.
Izan ere, «artistaren izena baino, proiektua bera interesatzen zaigulako. Ez dugu jendea haien izenarengatik aukeratu nahi». Aurten, bi artistentzako beka izango dira bakarrik: «Lau izan dira orain arte. Ez da krisi ekonomikoarengatik. Lau artistei aldi berean laguntzea nekeza da guretzat».