Publikoak ez diren euskara hutsezko 80 komunikabidek, IRUTXULOKO HITZA tartean, erakundeei babes ekonomiko handiago eskatu diete. Erakunde eta alderdiekin bilerak egingo dituzte egoera aztertzeko.
Euskarazko komunikabideetako ordezkariek babesa eskatzeko bilkura egin dute (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Euskal Herri osoko euskarazko hedabide ez publikoetako ordezkaritza zabala –IRUTXULOKO HITZA, tartean– elkartu zen atzo Koldo Mitxelenak egindako agerraldian. Otsailaren lehenean 80 komunikabideok kaleratutako editorial bateratuaren ondoren, elkarrekin partekatu duten gogoetaren berri eman zuten. Topaguneko presidente Jasone Mendizabalek irakurri zuen gogoetaren emaitza biltzen duen idatzia. Bertan, politika berriak eskatu zizkieten erakundeei komunikabideok bizi duten egoera eta beharrak zehaztuz. Diruz lagundutako sektorea da, merkatu parametro hutsetan bizirauterik ez duelako eta funtzio publiko ezinbestekoa betetzen duelako. Izan ere, euskara eta euskal kultura sustatzeko estrategiko izatea aspaldi aitortu zioten instituzioek, baina, Mendizabalek gogoratu zuenez, «aitortzak ez dira nahikoak, tamainako apustu eta sostengu ekonomikoa behar du sektore honek».
Publizitateak ahaztuta
Krisi ekonomikoak eta komunikazio munduak bizi duen aldaketak gogor astindu dituzte, lehendik ere, diru baliabidez larri zebiltzan hedabideak. «Erronka berriei aurre egiteko sostengu erantsia behar izan dugunean, laguntzak murriztuta ikusi ditugu, krisiaren aitzakian». Bizirautera kondenatzen dituen egoera aldatzeko bidean, bi alorretan sakontzea ezinbestekotzat jo zuten: diru laguntzak eta publizitatea. «Gaur egungo diru laguntza sistemak prekarietatera kondenatzen gaitu», deitoratu zuten. Garatu, zabaldu eta euskal hiztunen nahiei eta beharrei etengabe egokitu ahal izateko, diru laguntza handiagoen eta finkoen beharra aldarrikatu zuten. Horrez gain, zenbatekoa urte hasieran ezagutzea eskatu zuten. «Ez dugu aukerarik proiektu handiagoak sortzeko, sektoreak ezin du bere burua garatu. Urteroko zalantzak gainditu behar ditugu. Ez dakigu zenbat emango diguten edo noiz iritsiko den emango diguten hori», adierazi zuen Mendizabalek, hedabideen ordezkarien izenean.
Publizitateari dagokionez, aldiz, erakundeek eta instituzioek euskarazko hedabideen indarra kontuan hartzen ez dutela uste dute. Berria Taldeko Joanmari Larrarteren hitzetan, «euskarazko hedabideetara oso gutxi heltzen da publizitatea. Erakundeek gehienetan ahaztuta edo baztertuta dute. Alor honetan benetako urratsak egin daitezen nahi dugu». Izan ere, euskaldunen erdiak baino gehiagok euskarazko hedabideak kontsumitu arren, publizitate inbertsioa ez baita maila berean egiten. «Eraginkorrak garela erakutsi nahi dugu. 2007ko CIESeko ikerketak agerian utzi zuen bezala», gehitu zuen Larrartek.
Bilerak, hurrengo urratsa
Datozen asteetan, alderdi politiko eta instituzioekin elkartzeko asmoa dutela ere jakinarazi zuen Mendizabalek. Sektorearen egoeraren berri zuzenean eman eta politika aldaketarako proposamenak landuko dituzte. Era berean, eragile guztiekin gaia jorratu eta akordio nahiz politika zehatzak adosteko prestutasuna erakutsi zuten. Elkarlanerako erabakia hartu duten komunikabideok, norbere medioan egoeraren berri ematen jarraitzeaz gain, www.blogak.com/ehedabideak webgunea ere baliatuko dute.