Helburua lor dezake Salto Bera Berak
Salto Bera Bera saskibaloi taldea. Liga hasieratik argi zuen taldeak Ohorezko B Mailara igotzea zela helburu nagusia eta lortzeko bidean dago. Izan ere, behin multzoko garailea izanda, bi asteburu barru, igoera faseari ekingo dio Iban Perezek zuzentzen duen talde indartsuak.
Zehazki, sei taldek parte hartuko dute igoera fasean, iparraldeko multzoko lehen hiru sailkatuak eta hegoaldeko multzoko lehen hiruak. Bera Berak, ordea, hegoaldeko lehen hiruen aurka bakarrik jokatuko du. Hala ere, Ligan bere multzoko beste bi taldeen aurka lortutako emaitzak kontuan hartuko dituzte bigarren faseko sailkapenean. Oraindik ez dakite zein izango den partiden egutegia. Izan ere, behin partidak erabakita, Bera Berak adostasuna lortu beharko baitu Udalarekin, etxeko partidak jokatzeko Bidebietako kiroldegiko kantxa erabili ahal izateko. Hori baita, bere ohiko kantxa.
Aulki gurpildun gainean
Salto Bera Bera taldeko jokalariek gurpildun aulki gainean jokatzen dute. Izan ere, guztiak ere elbarritasunen baten jabe dira. Hala ere, horrek ez die gehien gustatzen zaiena egitea oztopatu, ilusioz eta gogoz betetako taldea osatzen baitute.
Duela bost urte jaio zen, Bera Beraren barruan, elbarrientzako egokitutako saskibaloi taldea. Bere sorreran, Gipuzkoako Elbarrien Federazioak bultzatu zuen. Talde mistoa da eta, hasiera gogorra izan zuen arren, orain une gozoak bizitzen ari da. Izan ere, lehen denboraldian, jokatutako partida guztiak galdu zituzten. Taldeak, ordea, aurrera egin zuen eta, urtez urte egindako lanari esker, orain dagoen tokira iritsi da.
Joan den asteburuan Ortoibericari irabazita (57-44), Lehen Mailako Ligan, iparraldeko multzoko txapelduna izendatu berri dute
«Ongi etorriko zaigu talde berrien aurka jokatzea»Taldearen sorreratik dago Patxi Fadrique Salto Bera Beran. Zalantzarik gabe, aurtengo denboraldia pozgarriena izaten ari da jokalarientzat eta, kapitaina izanik, taldearen izenean hitz egin du Irutxuloko Hitzarekin. Igoera lortzeko bide onetik zoazte. Denboraldi hasieran gure multzoko lehenengo hiru taldeen artean sailkatzea jarri genuen helburu, bigarren fasea jokatzeko. Orain, gustura gaude, gure multzoko lehenak izatea lortu dugulako. Ez da erraza izan eta agian zortea ere izan dugu, baina etxeko partida guztiak irabazi ditugu, beraz, ongi jokatu dugu. Gainera, azken bi partidetan Mikel Garmendia lesionatua egon zen eta hala ere irabaztea lortu genuen. Hori taldearen meritua da, Mikel gure saskiratzaile onena baita. Osatzen ari zareten denboraldiarekin, taldea inoiz baino batuagoa egongo da, ezta? Bai. Jendeak gero eta gehiago ikasi du eta hobeto gabiltza. Hasieran denak gizajo batzuk ginen, ez genekien ezer ere saskibaloiaz, baina urtez urte ikasiz, aurrera egin dugu. Iaz multzoko hirugarrenak izan ginen eta aurten lehenengoak. Pixkanaka goraka goaz. Ospatu duzue txapeldunak geratu izana? Igandean sagardotegira joan ginen garaipena ospatzera. Bi aste barru igoera faseari ekingo diozue. Nola aurreikusten duzu? Oraindik ez ditugu aurkariak ezagutzen. Valentzia bakarrik ezagutzen dugu eta badakigu oso ongi jokatzen dutela. Beste biak, Alcorcon eta Ciudad Real dira eta, ez dugunez beraien aurka jokatu, ez dakigu nola ibiliko diren. Ongi etorriko zaigu talde berrien aurka jokatzea, besteak aurretik ezagutzen baititugu. Nolakoa izango da hurrengo fasea? Fase honetan sei talde egongo gara, baina guk hegoaldeko lehen hiru sailkatuen aurka bakarrik jokatuko dugu. Sei partida jokatuko ditugu, hiru etxean eta hiru etxetik kanpoan. Sei taldeetatik bi igoko dira mailaz. Helburua lortuko duzuela uste duzu? Hor ibiliko gara, baina zaila izango da.