"Nortasun propioa eraikitzeko bidean, inertziak oztopo izan daitezke"
Bertsolamintza jardunaldiak.
Bertsoa.com webgunean -Sarakoa izan ezik, beste guztiak).
Beñat Gaztelumendi Bertsolamintza jardunaldiak prestatzen aritu da Bertsozale elkartean
Inertziak, kantatzeko roletan; inertziak, txapelketan; inertziak, ideologian; inertziak, bertso sorkuntzan; inertziak, umorean… Aspaldiko kezka zuen Bertsozale elkarteak. Txapelketa Nagusiaz geroztik inertziaren gaineko gogoeta sakona egin dute ikerkuntza taldeko kideek. Hausnarketa horien plaza izango da Bertsolamintzaren laugarren ekitaldia. Saran (otsailak 26), Gasteizen (martxoak 1), Iruñean (martxoak 4), Durangon (martxoak 10) eta Villabonan (martxoak 12) izango dira hitzorduak.
Beñat Gaztelumendi bertsolari añorgatarra aritu da buru belarri lanean eztabaida honen inguruan, Bertsozale elkarteko ikerkuntza arduradun gisa: «Bertsolaritza, azken batean, bat batean eta jendaurrean egiten den zerbait da. Bertsolariak, publikoarengana iristeko, ikusleekin partekatzen duen tiradera batzuetara jotzen du. Askotan tiradera horiek errepikatu egiten dira inertziagatik. Ahalegin bat eskatzen du inertzia horretatik ateratzeak, eta aldi berean, arriskua duzu ulertua ez izateko. Interesgarria iruditzen zitzaigun honi buruzko jardunaldiak antolatzea».
Bertsozale elkarteak Bertsolamintza jardunaldietan parte hartuko duten hizlariengana jo zuen inertzien inguruko hausnarketa borobiltzeko: «Elkarrekin hitzaldiak findu egin ditugu. Jardunaldiak gehiago dira eztabaida horien emaitza bat. Aldi berean, eztabaida horrekin jarraitzeko aukera izatea ere gustatuko litzaiguke», azaldu du Gaztelumendik.
Bertsozaleentzako ez ezik, kulturzale eta euskaltzaleentzako jardunaldiak ere badira: «Finean, guk aztertu ditugun inertzia horiek sorkuntzako esparru gehienetan daude. Hizlari asko, gainera, ez datoz bertsolaritzaren mundutik. Amaia Vazquezek taula gainean sentitzen dugunaz hitz egingo du; Oier Araolazak, berriz, kultur txapelketen inguruan, orokorrean… Bertso mundutik kanpora dagoen jendea etortzea ere gustatuko litzaiguke».
Askotariko inertziak
Ideologia bati edo genero bati lotutako inertziak aztertuko dituzte, besteak beste: «askotariko gaiei lotutako inertziak dira. Askotan aipatzen dute bertsolariek bertso eskolan ikasten dutela bertsotan egiteko modu bat, eta gero plazaz plaza hasten direnean konturatzen direla inertzia horiek deseraiki egin behar dituztela, eta berriro hasi behar dutela beraien ahots propioa eraikitzen. Interesgarria izango litzateke detektatzea zein diren benetan bertsotan egiteko eta bat batean egiteko beharrezkoak diren enertziak, eta zeintzuk diren kendu daitezkeenak», plazaratu du bertsolariak. «Azken urte hauetan asko hitz egiten ari da bertsolariaren nortasunaz. Sortzaile bezala ere bai. Askotan kolektibo bezala azaldu da, baina egun gehiago sortzaile bezala aipatzen da. Horrek esan nahi du bertsolari bakoitzak bere nortasun propioa daukala. Nortasun propioa eraikitzeko bidean inertziak oztopo izan daitezke», gaineratu du. Gaztelumendiren ustez hainbat inertzia daude bertsogintzan: «Umetatik erakusten digute bertsoa bukaeran kargatu behar dela. Bukaerako arrazoia izan behar du kontundentea, gogorra eta oso segurua. Askotan maskulinitatearekin lotu izan da. Gero konturatzen zara benetan pentsatzen duzuna ez dela hain kontundentea, zuk ere badituzula kontraesantxoak. Askotan apuroa ematen dizu kontraesan horiek jendaurrean agertzeak. Baina aldi berean, jende askok sentitzen ditu kontraesan horiek. Umorean, adibidez, generoari lotutakoak asko dira. Edo, zergatik dago jendearen fisikoarekin sartzeko joera? Ez da ezer konkretua. Asko daudela uste dut nik».
Bertso saio esperimentalak
Hitzaldiak, solasaldi irekiak eta bertso saioak izango dira egitarauan. Hain zuzen ere, bertso afari esperimentalak izango dira, hiru guztira. «Saran Amaia Vazquez eta Andoni Egaña izango dira hizlari moduan. Inertzia ideologikoez ariko da Egaña, eta bertso saioan gai jartzaile lanetan ariko denez, ziur aski inertzia horiek puskatzen saiatuko da. Bertsolaria estutasunean jarriko du.Vazquezek, ordea, emozioen inguruan hitz egingo du. Askotan emozio horiek ezkutatzen ditugu arrazoia erabiltzeko. Agian bertsolariei egokituko zaie emozioetatik kantatzea. Hitzaldien emaitza bat izango dela pentsatzen dut. Horietan entzundakoa proban jartzea bezalakoa».
Azken hitzordua Villabonan izango da, «hitzaldi guztiak entzun ondoren egingo duguna, eta beraz, laburpen modukoa ere izango da». Hitzaldiak eta bertso saioak zuzenean jarraitzeko aukera izango dute bertsozaleek