Gazteek beraien neurrira egina
'Auzoka' aldizkariak 25 urte daramatza hiriko ikasleen interes eta zaletasunak biltzen. Ibilbidea etengabeko aldaketan egin du, garaiei, baliabidei eta egileei egokitzen.
Hiriko ikasleen kazetari sena pizten 25 urte daramatza Auzoka eskola aldizkariak. Euskararen Udal Patronatuak hainbat ikastetxerekin elkarlanean sortu zuen euskaraz irakurtzea eta idaztea sustatzeko asmoarekin. Gazteentzako idatzi beharrean, ikaslek beraiek, euren kezka, interes eta zaletasunak jasoko zituen argitalpena egitea erabaki zuten. Urteen joan etorrian protagonistak aldatu diren adina itxuraldatu da, barrutik nahiz kanpotik, aldizkaria. Eraberritu ala hil! atsotitz zaharra zuzena bada, Auzoka bizi-bizirik dago.
1986ko abenduaren 10ean argitaratu zuten lehen zenbakian Zuhaizti, Santa Teresa, Uribesalgo eta Larratxo ikastetxeetako 6 eta 18 urte arteko ikasleak aritu ziren kazetari lanetan. Orrien gainean aldizkari eta egunkarietatik moztutako argazkiak itsatsi, mapak eta bestelakoak marraztu eta eskuz bete zituzten testuetarako zuriuneak. Tinta beltz edo griseko axota edo errotulagailua erabiliz, idazkera garbiago edo baldarragoan, bildu zituzten kontatu beharrekoak. Ortografia akats edo amaitu gabeko esaldien gainetik, egileen ilusioa eta ahalegina ageri da Txinako erregearen alaba azalean zuen zenbakian. Auzoei erreferentzia egiten dien izena izan arren, Gipuzkoa eta Euskal Herriko gaiak, eguraldiaren iragarpena edota iragarkien atala zeuden.
107 zenbaki eta ia 25 urteko ibilbidearen hasiera izan zen hori. Auzokaren orrietan oso bestelako albiste eta pertsonaiak nahastu dira urteen joan-etorrian. 1988ko abendukoan, esaterako, pil-pilean zegoen gaia jorratu zuten: Anoeta futbol estadioa egin ala ez. Urte batzuk geroago, egun gaurkotasuna izaten jarraitzen duen albistea: antxoa desagertzeko zorian dela. Koldo Mitxelena Literatur Lehiaketaren lehen sariketa ere jaso zuten kazetari gazteek edota orain ia 10 urte bertsotan txapelak irabazten zituzten Gaztelumendi anaiei elkarrizketa. Errepikatu ezingo den berririk ere bada 1990eko zenbaki batean: 14-19 urteko neska mutilen paga 254 pezetakoa (1,52 euro) zela.
Iritziak beti izan du atal nabarmena aldizkarian, eskutitz edo inkesta moduan. Horrekin batera, sormena lantzeko parada ere izan dute, bereziki txikienek, denbora-pasak, bertsoak, ipuinak edota komikiak eginez.
Eduki bera, itxura ugari
Urteekin Auzoka egonkortzen eta hobetzen joan dira egileak. 1988ko urtarrilean makinaz idatzitako lehen testuak txertatu zituzten eta ikasleen iritzia gehitu zen Eskutitzak atala sortuz. Bi urte geroago diseinua berritu eta kolorea gehitu zioten azaleko irudiei. Mende aldaketarekin batera, goitik behera eraberritu zuten Auzoka. Txikiagoa eta erabilerrazagoa eginez, eta 2004ean, Auzoka Txiki gehigarria sortu zuten. Teknologia berriek aurrera egin duten heinean, ordenagailu eta tresna digitalen bitartez egitera pasatu dira.
Mende laurdena ospatzeko, soineko berria egin diote argitalpenari. Otsailean kaleratutako zenbaki berrituak, diseinu erakargarri eta koloretsua du. Bestalde, irakurleen adin tartea oso zabala zela ohartuta, 10 eta 13 urte arteko gaztetxoei zuzenduko diete aurrerantzean. 21 ikastetxek parte hartzen dute aurten edukiak diseinatu, definitu eta osatzen. Hala ere, argitalpena, LHko 5 eta 6 nahiz DBHko 1 eta 2 mailako ikasleak dituzten hiriko ikastetxe guztietan eta hainbat leku publikoetan banatzen jarraituko dute.
Itxura eta egitura aldaketez gain, maiztasunean ere gorabeherak izan ditu eskola aldizkariak. Lehen zenbaki haiek ez zuten maiztasun jakinik eta ahal zenean kaleratzen zituzten. Ikasturteko sei aldiz argitaratzera iritsi zen arren, egun, bi hilean behin kaleratzen da Auzoka. Aldaketak aldaketa, nortasunari eutsi dio argitalpenak: ikasle donostiarren euskarazko aldizkaria da. Eurek eurentzat egina.


