Abiadura handiko trenaren geltokia, 2016rako
Odon Elorza alkatea Renfeko trenbide azpiegitura kudeatzen duen Adifeko presidentearekin elkartu da Madrilen. Abiadura handiko trena Norteko geltokira iritsiko denez, geltoki berria egiteko zein asmo duten bertatik bertara ezagutu nahi izan du alkateak. Presidenteak, bada, Norteko geltokiak 2016an, eta litekeena 2015ean, itxura berria izango duela zehaztu dio alkateari.
Aurreikuspenak bete daitezen, uztailean abiaraziko du Adifek geltokiaren proiektuak osatuko dituen enpresa hautatzeko lehiaketa. Alkateak baieztatzeko aukera izan duenez, proiektuok Tabakalera eta autobus geltokiko egitasmoekin egingo du bat. Tabakaleran libre geratu diren bai 6.000 metro koadroak baita sotoa ere kultur azpiegituraren esku jarraituko dutela berretsi du, era berean.
Norteko geltokiaren eraldaketak, halaber, burdinezko eta kristalezko egitura zaharrak bere horretan utziko dituela nabarmendu du Elorzak. Bertan geratuko dira etorkizunean ere Renfeko aldiriko zerbitzuak. Atotxako bizilagunentzat aldaketarik ez duela eragingo zehaztu du.