Ollagorra elkartearen barruan erre badaiteke ere, Jose Luis Espinosa haize freskoa hartzera irten da (Argazkia: Mikel Goñi)
Tabakoaren keak zorabioak sortzen omen ditu lehen aldiz erretzen dutenengan. Azken egunetan, gastronomia elkarteetako kideengan efektu bera lortzen dute tabakoaren aurkako legearen inguruan komunikabideetan agertu diren albisteek.
Atzoko egunkariek Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkarien arteko iritzi trukea eraman zuten azalera. Elkarteetako kideak zorabiatuta geratu ziren horiek irakurrita. Hala eta guztiz ere, Amaika-bateko zuzendaritzako kide Gorka Arzelusek azaldu zuenez, «guk oso argi daukagu. Gurean erre daiteke. Hau gune pribatua da, eta kideek erabakitzen dutena egingo da edozein momentutan». Hala ere, une horretan Abuztuaren 31 kaleko egoitzan zegoen ke bakarra sukaldean sortutakoa zen, inork ez baitzuen une horretan zigarrorik ahoan.
Jose Luis Espinosa Ollagorra elkarteko kidea da. Atzo goizean hamaiketakoa prestatu eta lagunekin lasai ederrean jan ondoren zigarroa erretzera irten zen Gaztelubideko eskaileretara. «Ez naiz erretzera irten, haize freskoa hartzera baizik. Guk bozkatzea egin genuen eta erre zitekeela erabaki genuen».
Gastronomiazko Euskal Anaiartearen presidente Luis Mokoroak ere beraien egoitzan erre daitekeela esan du. «Hau gune pribatua da, konfiantza, elkarren arteko laguntza eta errespetuan oinarria duena. Gure erabakiak guk hartzen ditugu. Honenbestez, hemen erre daiteke, hemen guk, kideek, erabakitzen dugulako». Elkarte handia da Trinitate plaza gainekoa, eta langileak ere baditu. «Gaur –atzo–, irratiren batean esan dut ere hemen langileak direla erretzen lehenak eta beraiek ados daudela bertan erretzearekin. Gainera, erretzaile gehienok langile gara tokiren batean edo bestean».
Legea baino, errespetua
Elkarteetako kideak bat datoz beste kontu batean. Hain zuzen ere, hirurek ikusten dute elkarrekiko begiruneaz jokatzeko beharra. Espinosak dioenez, «erraza da, zigarroa edo purua piztu behar duzunean aldameneko lagunari ea inporta zaion galdetzea besterik ez dago».
Areago doa Amaika-bateko Arzelus. «Erretzen ari zarela norbaitek keak molestatu egiten duela esaten badizu, zigarroa itzali edota altxa egiten zara. Hona ez gara borrokan egitera etortzen». Mokoroak ere erretzaileen begirunea ikusten du. «Nabaritu dudana zera da, erretzaileek gero eta errespetu gehiago dutela. Gero eta gehiago galdetzen diete aldamenekoei ea inporta zaien eta, askotan, terrazara irteten dira erretzera».
Bi gauzatan ados daude, beraz, elkarteotako kide eta arduradunak. Batetik, gune pribatuak izaki, bazkideen esku dagoela debekua ezartzea ala ez. Eta bestetik, errespetua beharko lukeela honen guztiaren gidari.
Oraindik orain, isunik jaso ez badute ere, agian luze baino lehen hartuko dute burua biraka jarriko dien jakinarazpen ofiziala.